Sexu eraso bat salatu dute Bermeon
Bermeoko elkarte feministek elkarretaratzea egingo dute gaur arratsaldean erasoa salatzeko.
20 urteko emakume batek sexu eraso batengatik salaketa jarri du, Bermeon. Ertzaintzak jakitera eman duenez, “salaketa ikertzen” ari dira une honetan.
Bermeoko emakumeen talde desberdinek elkarretaratzera deitu dute arratsalderako. Zehazki, Sorginorratz Talde Feminista, Norez Talde Feminista, Erroxape Emakumeen Elkarteak eta Bermeoko Udalak deituta, 18:15ean batuko dira Goiko Plazan.
Idurre Bideguren Bermeoko alkateak “biktimari Udalaren elkartasun eta babes guztia” adierazi dio eta “beharrezkoak diren baliabideak” jarriko dituela adierazi du. “Sexu erasoak emakume guztien kontrako erasoak dira, onartezinak dira eta gogor gaitzetsi nahi ditugu. Ez dugu onartuko gure herrian emakumeen kontrako inolako erasorik”.