Itsas gudariak omentzeko batu dira Bermeon
Itsas Gudari Eguna ospatu du Eusko Alkartasunak.
Urtero bezala, Matxitxakoko Gudaren urteurrena gogora ekartzeko ekitaldiak prestatu dituzte Bermeon.
1937. urteko martxoaren 5eko batailan parte hartu zuten gudariak omentzeko batu dira Eusko Alkartasunakoak. Ohitura denez, Nestor Basterretxeak bataila hartan hildakoen omenez egindako Matxitxakoko Guda eskultura aurrean batu dira.
“Gaurko egun honetan, gogoratu dezagun guztiok, gure itsas gudariak zelan borrokatu zuten gure herriaren alde. Garai haiek ez ziren errezak, baina beraien bizia emateraino heldu ziren. Eta orain geuri tokatzen zaigu herri honen alde borrokatzea”, adierazi dute bertan.
Lore eskaintza egiteagaz batera, gudarien omenez aurreskua egin dute. Dantzarien artean Idurre Bideguren Bermeoko alkatea izan da. Bukatzeko, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen egindako greba orokorrean hildako bost lagunak eta 150 zaurituak ere gogoratu dituzte.
Ekitaldia, Bermeon. Omenaldiaren ostean, Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan ekitaldi politikoa egin du EAk. Bertan, itsas gudariek “itsasoan beraien bizia eman zutela” adierazi du Meritxel Elgezabal EAko ordezkariak, “askatasunaren alde eta aberriaren nortasunaren defentsan”.
Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak, bestetik, Cecil Day Lewis olerkigile irlandarrak Matxitxakoko gudarien omenez idatzitako Nabarra poema ekarri du gogora: “nahiago zuten, bere bihotz latzetan
hil errenditu baino”.
Euskal guda ontziek Matxitxakon erakutsi zuten erresistentzia “itzela” izan zela aldarrikatu, eta marinelen “gizatasuna, balioa eta kemena gure memorian eta gogoan betirako geratuko direla” azpimarratu du Elgezabalek. Egun hartan gertatutakoa “inoiz ahaztu behar ez dugula” adierazi du, eta gaur egindako ekitaldiagaz itsas gudarien oroimena “babestu, gogoratu eta omentzeko beste pauso bat eman” dela azaldu du.