"Herri aktiboa eta parte hartzailea" bultzatu nahi du Bermeoko EH Bilduk
Itsas Gudarien Eguna ospatzeagaz batera, ekitaldi politikoa egin du EH Bilduk.
Itsas Gudarien Eguna ospatu du gaur Eusko Alkartasunak Bermeon. Horren harira, ekitaldi politikoa prestatu dute udalerriko Nestor Basterretxea aretoan, eta bertan EH Bilduk Bermeon egindakoari eta etorkizunerako pentsatuta dutenari buruz aritu dira.
Ekitaldian Bittor Asteinza udal haustekundeetarako Bermeoko EH Bilduren alkategaia, Idurre Bideguren alkatea eta Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea egon dira.
Alkategaiak adierazi duenez, “itsas gudariek egin bezala, herriarentzako helburuak lortzeko gogor lan egingo dugu”. Bermeorengatik “harro” agertu da Asteinza: “kultura aldetik aberatsa eta ingurumen balio izugarriak” dituela azpimarratu du, eta Bermeo “bizitzeko, lan egiteko, bisitatzeko eta turismoa egiteko herri erakargarria izaten jarraitzeko” asmoa adierazi du.
Etorkizunera begira. Modu horretara, etorkizunera begira prestatutako ardatzak nabarmendu ditu alkategaiak. “Herri aktiboa eta parte hartzailea” landu dutela, eta bermeotarren alde “jarrera hori sustatu” egingo dutela azaldu du.
Bermeo soziekonomikoki indartzeko “hainbat ideia” dituztela nabarmendu du Asteinzak: “tokiko komertzioekin eta ostalariekin lan egingo dugu, alde zaharra biziberrituz”. Bermeo Tuna World Capital proiektua ere gogora ekarri du, eta horretan lanean jarraitzeko asmoa dutela esan du alkategaiak.
“Desoreka sozialei aurre egiteko gizarte zerbitzuak indartzea” da Asteinzaren taldeak duen beste ardatzetako bat. Adin guztietako pertsonentzat Bermeo “erakargarria” izatea nahi dute, herrian “gustora bizi izateko”.
Hirugarrenez, “bermeotarren bizi kalitatea hobetzen jarraitzeko lanean” ariko direla aldarrikatu du. Herriko auzo desberdinen eskaerak “kontuan” hartzen dituen herria nahi du Asteinzak, “herritarren eskutik hobekuntzak eginez auzo horietan”. Hala, “guztiena eta guztientzat” den Bermeo bat eratu nahi dute.
Azkenik, “Bermeo garden” bateko apustua egin du, “kudeaketa eraginkor eta parte hartzaile” bat duena. Horretarako, udal erakunde eta herritarren arteko interakzioek duten garrantzia azpimarratu du.
Bidegurenek, bestalde, azken urteetan udal gobernuak lortutakoak gogoratzeko hartu du hitza. Hamabi urteko etapa bat bukatzera doala, alkateak “proiektu berriak erditzeko aukera” izan duela nabarmendu du. BTWC, Lurbizi proiektua, Bekoportala proiektua, arte urbanoaren aldeko apustua edota bizikidetza plana eratzea izan dira nabarmendu dituen proiektutako batzuk.
Turismoaren inguruan ere aritu da Bideguren. “Une honetan Bermeo bisitatzeko Bizkaiko herri erakargarrienetako batean bilakatu da”. Hori lortu eta bultzatzeko, aparkalekuak edota Gaztelugatxeraino doan oinezkoentzako bidea egin dituztela aipatu ditu alkateak. Bizi kalitatearen aldetik ere bere alkatetza “pozik” bukatzen duela azpimarratu du: “inkesten arabera, segurtasun eta bizi kalitatearen aldetik Bilbok baino nota hobea atera dugu”.
Iriartek “herriaren askatasunaren alde” aurrera egingo dutela aldarrikatu du, Europan eskuindarrak izandako gorakadaren ondoan. “Bide luzea daukagu oraindik egiteko, zati handi bat egina badugu ere. Baina berriz ere, aurrez aurre faxismoa dugu, gutako bakoitzaren askatasuna zapaldu nahi duen faxismo hori”.
Herrigintzari balioa eman dio legebiltzarkideak, eta horrela, elkarlanean, “autoritarismoari eta faxismoari herri gisa erantzun” egingo diotela azaldu du, “egunero”. Mugitzeko garaia “orain dela” aldarrikatu du, eta erantzun hori emanda beste herrientzako “eredua” izateko unea dela.
Bideguren omenduz. Ekitaldiari bukaera emateko, Bidegurenek Bermeoko Udalean izandako ibilbidea gogoratu eta omendu gura izan dute. Aingeru Astui Kultura zinegotziak lore sorta eman ostean, Pedro Urizar EAko idazkariak makila berria eman dio alkateari.
“Gauzak egiteko eredu bat erakutsi diguzu. Erreferentzia zara, Idurre; lan askoren, lan onaren, taldelanaren eta guzti hori maitasunez eta ilusioz egitearen erreferente”. Eskerrak eman dizkio Urizarrek, eta ostean herriko bi dantzarik aurreskua dantzatu dute alkatearen aurrean.