Busturialdea eta Bizkaia 'abante' ipini gura ditu EAJk
Aurrekanpainako ekitaldia egin du Eusko Alderdi Jeltzaleak gaur, Bermeon. Eskualderako alkategiak eta ahaldun nagusirako hautagaia aurkeztu ditu.
Bermeoko portuan, Olatua eskulturaren aurrean bildu dira gaur EAJren hutagaiak, Busturialderako eta Bizkairako dituzten proposamenak aurkezteko. 14 herritako alkategaiak ere aurkeztu dituzte, aurpegi berriak erakutsiz. Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak eman dio hasiera ekitaldiari. Harekin batera, alkategaiak, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia eta Espainiako Kongresuko diputatu Aitor Esteban izan ditu. Aurrez aurre, jarraitzaile eta alderdikideen artean, Josu Erkoreka bermeotarra, gaur egun Jaurlaritzako bozeramalea dena.
2019ko hauteskudeetan eskaintzeko hiru gauza dituela esan du Atutxak: konfiantza, sinesgarritasuna eta erantzukizuna. Alderdia sortu zenetik gaur egun arte egindako lanarekin gizartearengan konfiantza erein dutela esan du BBBeko buruak, eta sinesgarritasuna dutela berba betetzen duen alderdia delako. Hala, aurrerantzean ere erantzukizunarekin jokatuko dutela esan du, eta “herritarrengandik hur” egongo direla, emandako berba betetzeko.
Hurbiltasunari eutsiz, lanerako jende hurbila izateak duen garrantzia gogoratu du Unai Rementeria ahaldun nagusiak. Hurrengo legealdirako jeltzaleen hautagaia izango da mundakarra, eta bizkaitarren bizi kalitatea mantentzeko eta hobetzeko apustuaren alde egin du. “Hemengo herritarrek bizi kalitatea dute, lasaitasuna eta oreka. Arazoak ere baditugu, baina badakigu konpondu egin behar direla, eta horretarako gogoa eta indarra badaukagu”, esan du Rementeriak.
Aurerra begira. Hurrengo lau urteetarako asmo handiak dituztela aipatu du aldundirako hautagaiak, eta Bizkaiak dituen altxorrak balioan jarri nahi dituztela. Hala, Bermeo, Matxitxako, Gaztelugatxe eta Bakio lotuko dituen bide berdea eraikitzeko proposamena azaldu du. Bermeoko portuan hobekuntzak egitea eta Sollubeko tunelak ere hurrengo lau urteetarako asmoen artean ditu EAJk, baina horretarako Espainiaren kolaborazioa bilatuko dutela, finantziaziorako.
Hobekuntzekin, Bermeo abante jarri nahi dutela esan du herri horretan EAJren zerrendaburua den Aritz Abaroak. “Aurrera begiratu behar dugu, baina positibosmoarekin eta errealismoarekin. Izaera eta nortasuna badugu, eta ezin dugu galdu”, esan du Abaroak, herri horretako portuari erreferentzia eginez. “Bermeo itsasoa izan da, da eta izango da, eta aukera berriei ateak zabaldu behar zaizkie, Bermeo Bizkaiko herri erreferenteen artean jartzeko”.
Hiru ardatz aipatu ditu Abaroak hurrengo lau urteetarako asmoak laburbiltzeko: bizi kalitatea hobetzea, herriko ekonomia berpiztea eta Bermeo munduari zabalik dagoen herria bihurtzea.
Espainiara lan egitera. EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramale Aitor Estebanek ere berba hartu du gaur, Bermeon. Herriekin eta euskal instituzioekin elkarlanean aritzeak duen garrantzia nabarmendu du, eta Madrilen beraien lana dela herrien eta bertoko instituzioen alde lan egitea eta borrokatzea. EAJk Madrilen “kontzertu ekonomikoaren alde, euskararen alde, hezkuntza propioaren alde, azpiegituren alde eta Estatutuaren murrizketen kontra egin du, euskal herritarren interesak babesteko”.