Nerea Barjola: "Ikuspegi kritiko eta feministatik Alcasserreko kasua berriro landu dut"
'Microfisica sexista del poder' izeneko liburua aurkeztuko du bihar 18:30ean Nerea Barjola politologoak.
Gernika-Lumoko Elai-Alai areto txikian jarri dute hitzordua arratsaldean, eta bere lehenengo liburuaren nondik norakoez hitz egingo du Barjolak.
Orain 26 urte Alcasserreko hiru neskatoen hilketa belaunaldi bat “diziplinatzeko” erabili zela azaltzen du politologoak bere liburuan; belaunaldi oso bat zauritu zuela dio. Gai hori ardatz hartuta, liburua eta emakumeek gaur egun bizi duten egoera jorratuko du aktibista feministak.
Zein gai lantzen duzu Microfisica sexita del poder liburuan?
Ikuspegi kritiko eta feminista batetik Alcasserren orain 26 urte emandako eraso matxista irudikatu dut. Errelatu ofizialetik kanpo geratu zena jaso gura izan dut liburuan. Sentsazionalismotik urrundu eta lanketa teorikoari eman diot garrantzia.
Zein da mikrofisikaren ikuspuntua?
Michael Focaultek landu zuen lehenengoz mikrofisika terminoa. Mikrofisika boterea nork daukan ez jakitea zen Focaultentzat, kontrolatzeko zaila den boterea zein den zehaztea; pertsona guztiok daukagun boterea da. Hori ulertuta, terminoa nire liburuan lantzea ezinbestekoa iruditu zitzaidan. Baina bestelako zehaztasun batzuk gehitu nizkion nik. Denok erabiltzen dugun botere hori sexista eta matxista dela esateko erabili dut, hortik dator liburuaren izena.
Zelan bururatu zitzaizun Alcasserreko kasua lantzea?
Alcasserreko kasuaren garaikoanaiz, eta medioek garai hartan egin zuten errelatuen ondorioak sufritu nituen. Emakume gazte guztiei helarazitako mezua sexu-beldurrari buruzkoa izan zen, kontuz ibiltzekoa. Gertatutakoa modu objetiboan ez lantzeaz gain, emakumeen gainean jarri zuten begirada, gertatutakoaren ardura edo erantzukizuna haiena zela ulertaraziz.
Gertatutakoa ondo azaldu nahi izanez gero, botere matxista landu beharko zuten medioek, baita gizonezkoek emakumezkoen gorputzetan dituzten pribilegioak aztertu ere.
Nolako erantzuna izan du liburuak?
Iaz argitaratutako liburua da, eta erantzun oso ona izaten ari da. Izan ere, lehenengo edizioa bukatzear dago, eta bigarrena aterako da.
Bihar Gernika-Lumon aurkeztuko duzu.
Hainbat aurkezpen egin ditut Euskal Herrian zehar, baina leku txikietan aurkeztea gehiago gustatzen zait, eta gogotsu nago bihako aurkezpenerako.