Naiara Diez: "Intentsitate eta emozio handiko partidu zaila izango da IDK Gipuzkoaren aurkakoa"
Bigarren urtez jokatuko du Lointek Gernika Bizkaiak eguenean hasiko den Erregina Kopa; talde gernikarrak barikuan 19:30ean lehiatuko du IDK Gipuzkoaren aurkako derbia.
Bigarren urtez jokatuko du Lointek Gernika Bizkaiak eguenean hasiko den Erregina Kopa. Talde gernikarrak barikuan 19:30ean lehiatuko du IDK Gipuzkoaren aurkako derbia. Ilusio handiagaz joango dira Gasteizera, eta herritarren indarra jasoko dute bertan. 250 abono inguru saldu dituzte dagoenerako, eta autobusak ere antolatu dituzte hiriburura joateko.
Ez da magia, ilusioa da lelopean, lan ona egitea espero dute Lointekeko jokaliek. Asmoa ondo lehiatzea eta finalaurrekoetara iristea dela aurreratu du gaurko agerraldian Gerardo Candinak.
IDK Gipuzkoaren aurka jokatuko dute lehenengoa, eta momentu onean dagoen taldea dela aurreratu du Mario Lopez Lointekeko entrenatzaileak. Aurten gipuzkoarren aurka jokatu duten partidu bakarra ere gogoratu du Lopezek, galdu egin zutela esanez. Hala, barikukoa norgehiagoka lehiatua izango dela dio: “Partidu zaila eta berdindua izango da, talde handi baten aurkakoa. Ligan euren aurka azken momentuan galdu genuen, eta oso lehiatua izan zen”.
Naiara Diez taldeko kapitainak kanporaketa “sentsazio onekin” hastea dela garrantzitsuena dio: “Intentsitate eta emozio handiko partidu zaila izango da IDK Gipuzkoaren aurkakoa. Elkar asko ezagutzen garen taldeak gara, eta markagailu estuko norgehiagoka izango da. Zaila eta emozio handikoa”.
IDK Gipuzkoako Weaver eta Brkic jokalariak nabarmendu ditu Lopezek gaur, baina gipuzkoarren puntu gogorrena beraien “taldearen finkotasuna” dela uste du: “Urte askotan jokalariek batera jokatu duten taldea da, eta oso ondo ezagutzen dute elkar. Baloirik barik ondo dabiltza, eta joko praktikoa burutzen dute”.
Horri aurre egiteko, talde gernikarrak kantxan sendo egon beharko du, eta partiduari erritmo bizia eman beharko dio. “Gure erritmoa gelditzeaz arduratuko direla badakigu, eta partiduko kontrola lortu behar dugu hori ez gertatzeko”, dio Lopezek. Diezek, bere aldetik, taldearen momentu “ona” aprobetxatu beharra dagoela uste du.
Erregina Kopako partiduek kutsu “desberdina” dutela dio Lopezek: “Norgehiagoka berriak dira, lehiatuak eta kantxa neutralean jokatzen direnak. Urduritasuna nagusituko da”. Diezen berbetan, lehiaketa berezia eta “polita” da, “ezusteko” asko eman daitezkeena: “Girona eta Perfumerias Avenida dira faboritoak, baina kopan ezusteko asko egoten dira, eta aurten ere hori gertatzea espero dugu. Ilusio handiagaz gaude, eta garaipenagaz hasiz gero sentsazio onak eskuratuko ditugu”.
Hala, baina, partiduz partidu joango direla esan du Lopezek, ez baitu barikuaz haratagoko beste partidurik ikusten: “Lehenengo partidua da finala“.
Fitxaketa berriak. Erregina Kopan Raquel Banham eta Courtney Williams taldeko azken fitxaketen lana “beharrezkoa” izango dela esan du Lopezek. “Merkatuko onenak dira, baina oraindik egokitzapen prozesuan daude”. Banham gero eta hobeto dabilea dio Lopezek, “bere sasoirik onena aurkitzen”.
Courtney Williamsi dagokionez, berriz, jokalari onak erraz egokitzen direla dio Lopezek: “NBAko jokalaria da, eta kalitate handia dauka. Bere ekarpena oso handia izango dela uste dut. Puntuak eskuratzeaz gain, defentsa lan ona egiten duen jokalaria da”.
Afizioaren indarra. Klubak lortu ahal izan dituen sarrera guztiak zaleen eskura jarri dituztela esan du gaur taldeko presidenteak: “Udalerriko taldeak jarraipen handia izango du Gasteizen. Beharrezkoa da zaleak kantxako seigarren jokalaria izatea”.
Aurtengoa giroa “oso ona” dela onartu du Diezek, aurreko urteetan baino gehiago nabaritzen dena: “Mendizorrotzan egin duten lana ikaragarria da. Zortzi taldeko zaleak giro onean batuko dira saskibaloiaren hiria den Gasteizen”. Bertan egongo dira udalerritik joango direnak, Maloste etxeko partiduetan betetzen dutenak. “Zaleak oso garrantzitsuak izango dira garaipenak eskuratzeko”.
*****
Lehendabiziko esperientziara, gogo biziz.
Pausoz pauso goranzko bidea egin eta esperientzia berriak bizitzeko aukera izango dute barikuan Marta Alberdi eta Nahia Anitua Lointek Gernika Bizkaiako jokalariek. Talde gernikarraren harrobiak fruituak eman ditu, eta lehenengo mailako lehiaketan ariko dira harrobiko bi jokalari. Esperientzia berria da, eta hori bizitzeko ilusio handia daukate biek ala biek.
Bigarrenez lehiatuko du Lointekek Erregina Kopa, baina lehenengoz egongo dira bertan Alberdi eta Anitua. Aurreko Erregina Kopa harmailetatik bizi izan zutela gogoratu du Anituak, baina oraingoan kantxan egotea egokitu zaie: “Aulkian egotea tokatzen zaigu, eta esperientzia berri bat da guretzako”.
Alberdik txikitako ametsa egi bihurtzea lortu dutela dio: “Inork ez zuen honaino iritsiko ginenik esango, eta oso pozik gaude lortu dugulako”. Txikitatik jokalariei begira eta eurak animatzen egon direla gogoratu dute, eta orain gogotsu daude beraiekin jokatzeko; hala mantentzea espero dute gainera.
Herritarrek harrobiari garrantzia handia ematen diotela ere, badakite. “Asko nabaritu da harrobiak aurrera egitea gura duela herriak, eta horrek guri indarra eta gogoa ematen dizkigu”, aitortu du Anituak. Alberdik, berriz, Malosten jokatu duten bakoitzean “topera” animatu dituztela esan du.
Erregina Kopa lehiatzeko “gogotsu” ikusten dute taldea biek, eta dena emateko “prest” daudela diote. Aurtengo taldekideen arteko harremana nabarmendu du Anituak, eta hori kantxan ikusiko delakoan dago.
250 zale joango dira Gasteizera, eta urduritasuna apur bat dutela aitortu dute: “Beste lehiaketa batzuetako presioa badakigu zein den, baina ez maila honetakoa. Kanporaketa prestatzeko lehenengo mailako jokalarien dinamikan sartu behar izan gara, eta ez da gutxi”.
Hiru euskal talde egongo dira bertan, eta Anituak eta Alberdik izango dituzten aukerak aprobetxatuko dituzte bertan.