EH Bilduk salatu du Gernika-Lumoko Udal Gobernuak tokiko komunikabideak "xantaiatzen" dituela
Komunikabide txiki askok duten diru laguntza publiko edo hitzarmenekiko menpekotasuna aprobetxatzen dutela diote EH Bilduko ordezkariek.
“EH Bildu isilarazteko” Gernika-Lumoko Udal Gobernuak tokiko komunikabideei “xantaia” egiten dietela salatu dute koalizio abertzaleko ordezkariek ohar bidez.
“Komunikabide txiki askok duten diru laguntza publiko edo hitzarmenekiko menpekotasuna aprobetxatuta eta inolako lotsarik gabe, medioek zeren berri eman ahal duten eta ezin duten agintzen du Udal Gobernuak, baita derrigorrez zer argitaratu edo emititu behar den esan ere”, diote EH Bilduko ordezkariek. Udal Gobernuaren jokaera horrek “zentsuraren izena” daramala gehitu dute.
Halaber udal ordezkariek oposizioa “ikusezin” bihurtzeko gogoa dutela diote. Udalerrian EH Bilduk antolatutako ekimen batera ere ez direla udal ordezkariak joaten gehitu dute: “Inuzenteenak ere ez luke pentsatuko prentsak eta publikoak bat-batean galdu dutela EH Bilduren iritziarekiko interesa. Zalantzarik gabe jakin ahal izan dugunez, errealitatea askoz ilunago eta makurragoa da”.
Egoeraren hasiera EH Bilduk emandako prentsaurreko batean dagoela uste dute koalizio abertzaleko ordezkariek, “bidai ofizial batean senide bat doan joan izana salatzean”. Horrek alkatearen ingurua hasarratu zuela uste dute, eta ordutik EH Bildu ez zela tokiko komunikabideetan berriz agertuko erabaki zutela diote. Hala, Osoko Bilkuren laburpenak albistegietatik desagertu direla eta Osoko Bilkuren tarte batzuk mozteko agindu dutela argudiatu dute.