Bigarren garaipena jarraian
29-27 gailendu ziren basurdeak hernaniarren kontra atzo, Urbietan. 80. minutuan entseguz lortu zuten markagailuan aurretik jartzea.
Behekaldetik ateratzeko borrokan jarraitzen du Gernika RTk. Ohorezko Mailaren sailkapenean azken postuan jarraitzen duen arren, atzoko derbia irabazita aurrera jarraitzeko pauso garrantzitsua eman zuen talde gernikarrak, Urbietan.
29-27 gailendu ziren basurdeak hernaniarren kontra. Aurretik hasi ziren markagailuan etxekoak, baina gipuzkoarrak gogor ibili ziren, eta Diego Levinek egindako entseguagaz hasierako 3-0a irauli, eta 3-7 aurretik jartzea lortu zuten. Etxekoak asko ahalegindu ziren lehen zatian, baina gipuzkoarrak hobeto aritu ziren eta 6-24ko markagailuagaz joan ziren atsedenaldira.
Matias Frutos izan zen Gernika RTri indarra eman ziona; zigor kolpeen bitartez puntuak eskuratu baitzituen. Joaquin Palisak egin zuen gernikarren lehen entsegua bigarren zatian, eta markagailua 17-24 estutu zuen. Hernaniarrak, baina, beraien lana egiten jarraitu zuten eta 17-27 jarri ziren.
Eskolarrena izan zen etxekoen bigarren entsegua. Borrokatzeko denbora zegoen oraindik, baita markagailua iraultzekoa ere. Hala, 80. minutuan Bruno Mercantik entsegua egin eta bi puntu goitik jarri zituen, 29-27.
Borroka gogorra. Derbia irabazita denboraldiko laugarren garaipena lotu zuten atzo Gernika RTk. Azkenak dira sailkapenean, baina azken amesten jarraitzeko gogoa dute. Atzoko garaipenagaz, lau puntutara dute promozio postuan dagoen La Villa taldea. Hala, ametsak bizirik jarraitzen du, baina lau jardunaldi bakarrik gelditzen dira denboraldia bukatzeko (talde gernikarrak bost lehiatu behar ditu, Urbietako zelaiaren egoera txarragatik Complutense Cisnerosen kontrakoa bertan behera utzi behar izan zutelako).
Hurrengo norgehiagoka VRAC Quesos Entrepinares taldearen aurka lehiatuko dute. Bigarren sailkatua da Heineken Ligan Valladolideko taldea.
***
Derbiagaz gozatu dute errefuxiatuek. Busturialdea Harrera Eskualdeak antolatuta, Gernika RT eta Hernani Rugby Taldearen aurkako partidua ikusi eta gozatzeko aukera eduki zuten atzo eskualdeko errefuxiatuek.
Busturialdea Harrera proiektuak hainbat lan ildo dauzka, eta horietako bat errefuxiatuei aisialdiko jarduerak proposatzea, eta horietan beraien bidelagun izatea da. Inguruko hainbat toki bisitatu dituzte dagoenerako, baita eskualdeko herrietako ekintza desberdinetan parte hartu ere.