Pello Bilbao lehen hamarren artean dago Andaluziako Itzulian
Sailkapeneko zortzigarrena da Astana taldeko txirrindulari gernikarra. Lotto taldeko Tim Wellens belgikarra da liderra, eta Bilbao harengandik bederatzi segundora dago.
64. Vuelta Andalucia Ruta del Sol lasterketaren sailkapenean bosgarrena da Pello Bilbao Lopez de Armentia gernikarra.
Gaurkoa izan da probako etaparik luzeena. Sevilla eta Torredonjimeno arten 216,5 km egin dituzte txirrindulariek, eta 31.en sailkatu da Astana taldeko txirrindularia, irabazlearengandik denbora berera.
Eguneko ihesaldiko taldea (Van Melsen, Alexandr Kulikovskiy, Mattia Viel, Umberto Orsini, Juan Antonio Lopez-Cozar eta Dzmitry Zhyhunou) helmugara heltzeko 22 km-ren faltan harrapatu du tropelak eta sprintean erabaki da etapa. Matteo Trentin italiarra nagusitu da, 5:55:28 denboragaz, eta Tim Wellens belgikarrak lidertzari eutsi dio. Bilbao harengandik bederatzi segundora dago.
Atzo Sanlucar de Barramedan (Cadiz) hasi zuten lasterketa eta Astana taldeko gernikarrak seigarren amaitu zuen 170,5 kilometroko etapa. Lotto taldeko Wellens belgikarra izan zen lehena, Alcala de los Gazuleseko helmugan. 4:24:12 markatu zuen irabazleak, eta bost segundora sailkatu ziren Astana taldeko Jakob Fuglsang eta Ion Izagirre. Bilbao lehenengoarengandik bederatzi segundora sailkatu zen.
Biharko etapa. Andaluziar lasterketak hirugarren eguna du biharkoa, eta txirrindulariek 16,3 kilometroko bakarkako erlojupekoa egingo dute, Mancha Realen hasi eta La Guardia de Jaenera arte.
Zapatuan, berriz, Armilla eta Granada artean 119,9 kilometroko ibilbidea daukate. Etapa nagusia izango da; lehen kategoriako bi mendate eta bigarren eta hirugarren kategorietako mendate bana pasatuko dituzte, Granadako hiriburura heldu aurretik.
Domekan, Oturan (Granada) hasi eta Alhaurin de la Torren (Malaga) amaituko dute lasterketa (163,9km). Bigarren kategoriako mendate bat eta hirugarren kategoriako lau mendate gainditu beharko dituzte txirrindulariek.