Muruetak 600 kiloko finala jokatuko du zapatuan, Txurdinagan
Antsoain talde nafarra finaletik kanpo geratu denez, Beti Gazte, Ñapurrak, Gaztedi, Murueta, Ibarra eta Berriozar taldeek lehiatuko dute finala.
Goma Gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketan, Bilboko Txurdinaga auzoko kiroldegian dute hitzordua zapatu arratsaldean nesken zein mutilen taldeek (17:00).
Gizonezkoen 600 kiloko finala eta emakumezkoen 500 kiloko bigarren jardunaldia lehiatuko dituzte.
Gizonezkoei dagokienez, aurreko bi jardunaldietako emaitzak batu ostean, Antsoain talde nafarra finaletik kanpo geratu da. Beraz, sei talde hauek ariko dira zein baino zein gehiago: Beti Gazte, Ñapurrak, Gaztedi, Murueta, Ibarra eta Berriozar.
Bi jardunaldietako emaitzak gehituta, Murueta hirugarren talde onena izan da, 9,5 puntugaz–puntu erdia atera dio Ñapurrak taldeari. Beti Gazte 13 puntugaz sailkatu da finalera, eta Gaztedi 11,5 puntugaz.
Aurreko asteburuan Berrizen jokatu zuten bigarren jardunaldian Beti Gaztek lortu zituen puntu gehien: 7 puntu. Ñapurrak taldeak puntu bat gutxiago eskuratu zituen, eta 4,5na puntu lortu zituzten Gaztedik eta Muruetak.
Azken txanpa. Goma gaineko txapelketan azken txanpan sartu dira sokatiralariak. Martxoaren 2an (zapatua) Laukizen lehiatuko dituzte emakumezkoen 500 kiloko finala eta gizonezkoen 560 kiloko jardunaldi bakarra.
Astebete beranduago (martxoak 9), Gabirian amaituko dute aurtengo txapelketa. Orduan, 580 kiloko jardunaldi bakarra egingo dute, mutilen eta nesken talde mistoek.