Gernikarren eta hernaniarren arteko derbia, Urbietan
Domeka eguerdian jokatuko dute euskal derbia. Ohorezko Mailako sailkapenaren azken postuetan dauden bi taldeentzat garaipena lortzea beharrezkoa da.
Derbi guztiak dute zer edo zer berezia, eta Gernika RTren eta Hernani CREren artekoek ikusmina sortzen dute bi taldeen zaleengan. Oraingo honetan, basurdeen etxea bisitatuko dute hernaniarrek.
Domekan 12:00etan hasiko da bi taldeen arteko partidua, Urbietan. Heineken Ligaren joaneko partiduan, Hernani CREk 35-27 irabazi zion Gernika RTri (7. jardunaldian).
Bi taldeek zaleen bultzada beharko dute animoak altxatu eta garaipena eskuratzeko. Izan ere, biak ala biak puntu beharrean dira, batik bat talde gernikarra. Ohorezko Mailaren sailkapenean azken postuetatik atera ezinik aritu dira denboraldi honetan, eta azken txanpan ahalik eta puntu gehien biltzea ezinbestekoa da bi taldeentzat.
Basurdeek mailaz ez jaisteko erronka dute. Sailkapenaren azken postuan daude, 19 puntugaz. Sei puntu gehiago ditu CR La Villa azken aurrekoak (25 puntu). Aurretik dituzte Hernani CRE 28 puntugaz eta Complutense Cisneros 29 puntugaz.
Hain zuzen, aurreko jardunaldian Gernika-Lumoko taldea 20-27 nagusitu zitzaion, La Villari Alacanten. Hernaniko taldeak, ostera, 27-34 galdu zuen Santboianaren kontra, Landare Tokin.