[EGUNERATUTA] Bizkaiko lan ikuskaritzak arau hauste akta ireki dio Bermeoko GOUPari
Gizarte Ongizateko Udal Patronutako langileen egoera eta kontratuak aztertzen dituen txostena argitaratu dute.
ELA sindikatuak jakitera eman duenez, Bizkaiko lan ikuskaritzak arau hauste akta ireki dio Bermeoko Gizarte Ongizateko Udal Patronatuari.
Sindikatuko ordezkarien berbetan, akta hori bi arrazoirengatik ireki zaio GOUPari. Alde batetik, egiturazko postuetan aldi baterako kontratazioa “gehiegikeriaz eta etengabe erabiltzeagatik”. Bestetik, “2009. urtean legez kontrako emakidan deklaratu ziren langileak hamar urte geroago behin behineko egoera irregularrean mantentzeagatik“.
Udalak adierazpen horiei erantzuna eman die. Azaldu duenez, “ELAk eta alderdi politiko batek” GOUPak egoiliarren senideekin, alderdi politikoekin eta sindikatuekin eratutako mahai batean “parte hartzeari uko egin diote”. Hori dela eta, sindikatuak langile guztien eskubideak eta zerbitzu publikoak defendatzeari “muzin” egin diola adierazi du.
“Oztopoak”. 2009an “lanpostuak legeztatu eta egonkortzeko lanketa” egin zuten GOUPan, ondoren “lan eskaintza publikoa argitaratuz oposizio publiko bidez lanpostuak betetzeko”. Eskaintza publiko hori “ELAk epaitegietan inpugnatu eta urteetan judizializatuta” egon zela dio udalak, eta hori hala izango ez bazen, “gaur egun beste egoera batean” egongo liratekela.
“Nahiz eta egia den aldi baterako kontratazioak daudela, egia da ere GOUPa horiei aurre egiteko lanean dabilela, betiere legeak ahalbideratzen duenaren arabera. Aldiz, ELAk lan horri oztopoak jarri dio kasu askotan, izan ere, ELAk bere interesak soilik defendatzen ditu eta ez langile guztienak”.
Bizkaiko lan ikuskaritzak 26 orrialdeko txostena argitaratu du. Bertan, GOUParen barne lan egiten duten 100 langileetatik 78ren egoera aztertu eta aipatzen dute. Horrela, langileak sailkaturik agertzen dira txostenean, bakoitzaren kontratu motaren arabera eta bakoitzaren egoeraren arabera. Langile mugagabe ez finko deklaratu zirenak ere barne hartzen dituzte.
ELAko ordezkariek gogoratu dutenez, 2009an azaleratu zuten “arreta zuzeneko 17 langileren legez kontrako emakida Sancti Spiritus Udal Egoitzan”. Ordutik hona negoziazio mahaietan hainbat salaketa egin dituztela adierazi dute, eta horiei “entzungor egin zaiela”.
Lan ikuskaritzak hartutako erabakiagaz, sindikatuaren eskaerei “arrazoia eman” eta “Udal Patronatuaren kontratazio politika iruzurrezkoa izan dela berretsi” dela uste dute ELAkoek, baita “erakunde horretako giza baliabideen kudeaketa txarra agerian geratu” ere.
Udalaren berbetan, “Sancti Spiritus zaharren egoitzaren kudeaketa eta langileriaren ardura Bizkaiko Foru Aldundiaren eskuetan dago”, horrela arautzen baita Gizarte Zerbitzuen mapan. “Gure eskumenekoa izan ez arren, udalak eta GOUPak, ahalegin handiak eginda, kudeaketa ona egiten dugu zaharren egoitzak kalitatezko zerbitzu publiko bat eskaintzeko, gainera langile propioekin. Etxez etxeko zerbitzua ere gure langile propioekin eskaintzen dugu”.
Etorkizunerako helburuak. Lortutakoagaz, “enplegua egonkortzeko lehen pausoa” eman dutela aldarrikatu dute sindikatukoek, eta “Patronatuko %90eko behin behinekotasunaren tasa itxuragabea jaitsi“.
Etorkizunera begira, buruan dituzten helburuak aipatu dituzte: “Lanpostu Zerrenda berrosatu, egitura plaza guztiak barne hartuz; eta EPEak argitaratzea, lanpostuak langile finkoez betetzeko”. Bukatzeko, “langileen eskubideak ahalik eta hobeto zaintzeko” asmoagaz jarraituko dutela ziurtatu dute.