Akuarunning saioa egingo dute Araneko kiroldegian
Parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute.
Bermeoko Udal Kirol Patronatuak eskainitako hileko kirol ekimenaren barne, Akuarunning egiteko saioa prestatu dute Araneko kiroldegian.
Parte hartu nahi duten herritarrek etzi izango dute egitasmo horretaz gozatzeko aukera, 18:00etan. Bermeoko Udalak prezioak zehaztu ditu: abonatuentzat euro bateko prezioa edukiko du saioak. Ez abonatuek, bestalde, bi euro ordaindu beharko dituzte. Saioan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da kiroldegian.
Hileko kirol ekimenagaz, zapatuetan kirol jardueraren bat praktikatzeko edo ezagutzeko aukera dagoela adierazi dute kirol patronatuko arduradunek. “Horrela herritarrei aukera eman nahi zaie, herrian egiten diren jarduerak ezagutzeko, jarduera berriak zabaltzeko eta zapatuetan ere kirolean murgiltzeko, besteak beste”, gaineratu dute.