ONEKAk emakume pentsiodunek mobilitzatzeko dituzten arrazoiak azalduko ditu
ONEKA euskal emakume pentsiodunen plataforma aurkeztuko dute martitzenean Gernika-Lumoko Astran. Plataformako kide den Ana Mezok emango ditu azalpenak, 18:30ean hasiko den hitzaldian.
Pentsionisten mugimenduaren baitan, emakumeen arazo eta problematika lantzen duen plataforma da ONEKA, eta martxoaren 8ari begira lanketa berezia egingo dute. Hori guzti hori aurkeztu eta mobilizatzearen garrantzia azalduko die Mezok hitzaldira doazen emakume pentsiodunei. Hitzaldia Gernika-Lumon izango da, baina Busturialdeko emakumeak deitu dituzte aurkezpenera.
Gernika-Lumoko pentsionisten mugimenduko kide den Ana Mari Ordoñezek azaldu duenez, garrantzitsua da pentsioren bat jasotzen duten emakumeak batzea, egoera berezia bizi dutelako. «Emakumeak gara eta, gainera, pentsiodunak. Gizonezkoek baino eta behar baino gutxiago kobratzen dugu, eta garrantzitsua da plataformako kideek esateko dutena entzutera joatea», dio Ordoñezek. Alargunen egoera ekarri du gogora. «Gizona hil eta haren pentsioa osorik kobratzeko eskubiderik ez dute. Gobernuak haien pentsioa ere igo egin du oraintsu, baina oraindik ere ez dute dagokienaren %100 jasotzen». Gainera, pentsioa zehazterako orduan zenbait irizpide hartzen dituzte kontuan, Ordoñezen arabera bidezkoak ez diren irizpideak. «Alargunek dituzten ondasunen arabera jasotzen dute pentsioa, eta ez zaigu bidezkoa iruditzen».
Kaleratzeko egoera. Martxoaren 8an bistaratu nahi dituzten bost ardatzetako bat zaintzarena izango da, eta arlo horretan pentsiodun emakumeek ere egoera prekarioa bizi dutela esan du Ordoñezek: «ilobak zaindu, familiakoak zaindu… zaintza lanetan karga handiagoa daramagu orokorrean».
Bestalde, urte askoan lan egin eta kotizatu ez duten emakumeen egoera ere aipatu du: «portuan lan egin duten emakume asko daude egoera horretan». Horregatik, eta pentsionisten mugimenduak egoera berezituak bizi dituzten emakume anitzak biltzen dituelako, martxoaren 8an ere kalean egon beharko luketela uste du Ordoñezek.