Enplegua sustatzeko laguntzak onartu ditu Eako Udalak
Erroldatutako langabeei lan kontratuak egiteko "pizgarriak" emateko eta enplegu autonomoa "sortu eta finkatzen" laguntzeko helburua dauka udalak.
Enplegua bultzatzeko kontrataziorako diru laguntzen deialdia onetsi du Eako Udalak, urtarrilaren 29an egindako osoko bilkura arruntean. Zehatz esateko, 6.000 euroko diru partida onartu dute autoenplegua eta besteren konturako kontratazioa sustatzeko.
Azaldu dutenez, udalaren asmoa Eako udalerrian erroldatutako langabeei lan kontratuak egiteko “pizgarriak ematea” da eta baita enplegu autonomoa “sortu eta finkatzen” laguntzea ere.
Diru laguntza jasotzeko, kontratuek baldintza batzuk bete behar dituzte. Besteren artean, ezinbestekoa da kontratatzen diren langileak zein enpresaburu, profesional edota autonomoak udalerrian erroldatuta egotea (laguntzak eskatzen dituzten eguna baino urtebete lehenagotik gutxienez).
Kontratuek gutxienez bost hilabeteko iraupena eduki beharko dute, eta egun osoko lan jardunekoak izan beharko dira, eta aurreko 3 hilabetetako lan taldeagaz alderatuta langile kopurua gehitu behar dute.
Langileak kontratatzen dituzten kasuan, diru laguntza hilabetean 300 eurokoa izango da (gehienez ere 2.000 euro urtean). Autonomoei dagokienez, berriz, hilean 200 euroko laguntza onartu dute (gehienez ere urtean 2.000 euro).
Eskaerak udaletxean. Diru laguntza eskaera egiteko epea zabaldu dute dagoeneko, eta abenduaren 31n bukatuko da. Interesa duten herritarrek, eskaera orriak udaletxean eskuratu ditzakete, bai eta udalaren webgunean ere (www.eakoudala.net).
Eskaria betetzeaz gain, beharrezkoa izango dute zenbait dokumentu aurkeztea. Besteak beste, pertsona fisikoen NANaren eta enpresaren IFKren fotokopiak eroan behar dira, eta era berean, Gizarte Segurantzarekin, Ogasun Publikoarekin eta Eako Udalarekin dituzten betebeharrak eguneratuta dituztela frogatzen duten ziurtagiriak ere aurkeztu beharko dituzte.
Atzerriko egoiliarren kasuan, esaterako, egoitza baimena ere erakutsi beharko dute.
Halaber, aurtengo deialdi honetan diru laguntzak eskuratzeko ezarri dituzten baldintzak zein betebeharrak bete ezean, onuradunek, jasotako diru kopuruaren zati bat edo laguntza bera osotasunean itzuli egin beharko dute, eta berandutza interesak ere ordaindu beharko dituzte.