Eidabe konpainiak 'Baserrian amets' umeentzako antzerkia eskainiko du Bermeon
Etxeko txikienek bertako elikagaiak ezagutuko dituzte ikuskizunagaz.
Hiru eta sei urte bitarteko umeei zuzendutako ikuskizuna dakar Eidabe konpainiak Bermeora. Baserrian amets antzezlana herriko Nestor Basterretxea aretoan ikusgai egongo da etzi, 18:00etan.
Galder Perezek zuzendutako ikuskizunaren protagonista Amets neska gaztea da. Eidabetik azaldu dutenez, “Ametsek patata eta arrautzak dendatik datozela uste du. Amamaren baserrian asteburua pasatu eta gero, ordea, elikagaiak nondik datozen ikasiko du. Ametsek gure lurra, baratzea eta abereak ezagutuko ditu baserrian. Garaian garaiko eta bertakoa jan egin behar dela ere ikasiko du”.
Hala, antzezlanagaz ondo pasatzeko aukera ez ezik, etxeko txikienek bertako elikagaiak eta horien jatorria ezagutuko dute. Horrez gain, “samurtasunez”, ume baten eta amamaren istorio horretan “musika eta antzerki jolasa” nahastuko dituzte.
Sarrerak. Bermeoko Udalak jakitera eman duenez, sarrerak dagoeneko salgai daude. Lau euroko prezioa dute, eta Bermeoko Gizarte eta Kultura etxean, Kutxabanken webgunean eta BBKren zerbitzu anitzetarako kutxazainetan eskuratu daitezke. Leihatilan egun berdinean, barikuan, salduko dituztela argitu dute, 17:30etik aurrera, sarrerak gelditzen badira.