Mikel Bilbao Ruiz izango da EAJren Mundakako alkategaia
Aitor Egurrolaren lekua hartuko du Mundakako zerrendaburu bezala.
Mundakako EAJk jakinarazi duenez, hurrengo udal hauteskundeetan Mikel Bilbao Ruiz izango da, lehen aldiz, jeltzaleen zerrendaburua.
Horrela, Aitor Egurrola ordezkatuko du Mundakako zerrendaburu bezala. Bilbaok azken urteetan egin duen lana eskertu dio oraingo alkateari: “Gaur egungo udal taldeak azken urteotan egin duen lana benetan bikaina izan da, baina Mundaka handi egiten jarraitu nahi dugu”.
Aukeraketa “erronka eta erantzukizun handia” dela nabarmenduz onartu du alkategai berriak, baina ideia argiak ditu Mundakaren etorkizunerako. Izan ere, herriko azpiegiturak “optimizatu” nahi dituela eman du jakitera Bilbaok, baita “guneak egokitu eta zerbitzuak hobetu” ere.
Tradizioa eta aurrerapenak. “Jarraipena eman nahi diegu Mundakako nagusi eta gazteen eguneroko bizimodua hobetzen lagunduko duten proiektuei, eta inbertsio berriak planteatu nahi ditugu herri osoko eta gune ezberdinetako irisgarritasuna hobetzeko, tradizioa eta modernotasuna uztartuz”, azaldu du.
Bilbaok, 38 urtegaz, arkitekturan lizentziatu zen eta gaur egun Bermeoko Arrantzaleen Museoan lan egiten du.