Herritarren partaidetzagaz herri programa lantzen ari da Bermeoko EH Bildu
Bi saio egin dituzte herritarrekin batera, beraien ekarpenak jasotzeko.
Bermeoko EH Bildu herri programa lantzen ari da herritarrekin eta herriko elkarteekin elkarlanean.
Bittor Asteinza EH Bilduren Bermeoko alkategaiak azaldu duenez, programa aurrera eraman ahal izateko “ezinbestekoa” da bermeotarren “iritziak eta beharrizanak ezagutzea eta euren ekarpenak jasotzea“. Horren bitartez, Bermeoren etorkizuna “guztien artean eraiki” nahi du Asteinzak.
Hori posible egiteko, dagoeneko bi saio antolatu dituzte, eta horietan 130 parte hartzailetik gora izan direla nabarmendu dute. Gauzatutako saioetan, herritarrek eta 26 elkarte ezberdinetako ordezkariek guztira arlo eta esparru ezberdinak biltzen dituzten 252 ekarpen egin dituztela adierazi dute: besteak beste, euskara, industria, elikadura burujabetza, turismoa, parte-hartzea, hirigintza, inbertsioak, zerbitzuak, ongizate, hondakinen kudeaketa, baso politika, bioaniztasuna, feminismoa, kirola edota hezkuntza.
Horrela, batzarretara “kultur, kirol, gizarte eta auzo elkarteetako ordezkariak eta banako herritarrak” hurreratu direla diote. “Orain ekarpen guzti horiek kontuan izango dira gure herri programa lantzerako orduan, herritarren beharrizanak gure lehentasunak direlako”, azpimarratu du alkategaiak.
Saioen balorazio positiboa egin du Asteinzak: “guztiz aberasgarriak izan dira, herritar eta elkarteen iritziak, ikuspuntuak, zalantzak eta ideiak ezagutzeko eta guztiok elkarrekin lan egiteko”. Lortutakoagaz pozik, elkarlanean aritu diren herritar eta elkarte guztiei “egindako lana bihotz-bihotzez” eskertu nahi izan die.
Ekarpenekin jarraituz. Partaidetza hori bukatu beharrean, herritarrekin lan egiten jarraitzeko asmoa azaldu du alkategiak. Izan ere, martxoaren 2ra arte nahi duten bermeotarrek euren ekarpenak helarazteko aukera izango dute webgune honen bitartez.
“Nire hautagaitzaren aurkezpenean esan nuen bezala, gure eredua hau da: Herritarrak herritarrentzat, herri politika egin nahi dugulako, hartu eta eman kultura parte-hartzaile baten bidez eta EH Bilduren programaren lanketan ere herritarrak gure lehentasuna izango dira”, esanez bukatu du Asteinzak.