Erroxape kaia konpontzeko lanak hasi dituzte
Erroxapegaz batera, Xixili kaian ere obrak egingo ditu Eusko Jaurlaritzak. Lan guztiak urrian bukatzea aurreikusi dute.
Eusko Jaurlaritzak Bermeoko Xixili-Erroxape kaia konpontzeko lanei hasiera eman die. Jakitera eman dutenez, lanak bi proiektutan banatu eta gauzatuko dituzte.
Aste honetan obren lehen faseagaz hasi dira, zehazki, Erroxape kaiko lanekin. Obra horien helburua gunearen bide zoladura konpontzea da. Izan ere, “itsasoaren eraginez eta merkataritza arloko enpresen zamaketa lanetarako erabiltzen den makinaria astuna erabiltzearen ondorioz”, eremuko bidea hondatuta eta egoera txarrean dagoela adierazi dute.
“Erroxape kaian, azalera osoko zoladura berriztatzeaz gain, ukitutako zerbitzuen berrezarpena osatuko da, eta merkataritza kaien drainatze sare berria egingo da. Amilburuaren gailurraren kota, itsasoko klimaren egungo baldintzak kontuan izanda, 0,5 metro altxatuko da“, azaldu dute Eusko Jaurlaritzako arduradunek, 6,40 metroko altuera lortuz modu horretara. Lehenengo fase hori urte honetako irailean bukatuko dutela jakinarazi dute, “aurreikuspenak betez gero”.
Bigarren fasea. Xixili kaiari dagokionez, bere egitura konpontzeko lanak egingo dituzte. Gainera, biltegi gunearen zoladura hobetuko dute, modu horretara “portuaren behar berrietara egokitzeko”. Bukatzeko, “eragindako zerbitzuen berrezarpena” osatuko dute, eta merkataritza kaien drainatze sarea gauzatuko dute, “kokalekuarekin bat datorren estetika lortzeko”. Xixiliko lanak martxoan hastea aurreikusi dute, eta zazpi hilabeteko epean bukatuta egongo direla argitu dute.
Bi eraikuntza proiektuak Typsa ingeniaritza etxeak idatzi zituela zehaztu dute arduradunek. Erroxapeko lanen arduraduna izango den enpresa Ferrovial-Agromán S.A. da, eta 1.508.704,95 euroko esleipen aurrekontua edukiko du, BEZa aparte. Xixili kaiko lanak, beste aldetik, Viuda de Sainz, S.A. enpresaren esku egongo dira, eta 1.027.651,54 euroko esleipen aurrekontuarekin, BEZ aparte egingo ditu.