Murtziako Itzuliko podiumean sartu da Pello Bilbao gernikarra
Astanako txirrindulariak denboraldi honetako lehen etapa garaipena lortu du Murtzian. Luis Leon Sanchezek irabazi du Murtziako Itzulia.
Pello Bilbao gernikarrak hirugarren postuan amaitu du 39. Murtziako Itzulia. Bi egunetan (barikuan eta zapatuan) lehiatu dute proba. Lehen egunean etapa garaipenagaz eta mailot horia jantziz estreinatu zen Astana taldeko txirrindularia.
Bilbaoren taldekide eta iazko irabazle Luis Leon Sanchez murtziarrak irabazi du itzulia. Hain zuzen, murtziarren arteko dueluak entzute handia izan du. Alejandro Valverde Movistar taldeko txirrindularik osatu du podiuma aipatu Astanako bi txirrindulariekin batera. Iaz ere bi murtziarren arteko lehia izan zen.
Zortzi ordu, 29 minutu eta 38 segundoko denboragaz amaitu dute lehen biek, eta Bilbao hamar segundora geratu da.
Zapatuko bigarren eta azken etapan (Beniel-Murtzia) Leon Sanchez izan zen lehena helmugan (4:14.33), eta Astana taldeko txirrindulari gernikarra bosgarren sartu zen, irabazlearengandik hamasei segundora. 177,3 kilometroko etapan, Valverde sailkatu zen bigarren, eta Matteo Trentin italiarra hirugarren.
Barikuan Yecla eta San Javier artean burutu zuten 188,8 kilometroko etapa. Bilbaok lau ordu, hamabost minutu eta bi segundotan burutu zuen. Omar Fraile eta Leon Sanchez hiru segundora sailkatu ziren, eta baita Valverde, Patrick Konrad eta Jakob Fuglsang txirrindulariak ere. Alto del Cabezo de la Plata izan zen eguneko mendate bakarra eta bertan abiatu zuten ihesaldia. Bilbaok azken unean indar erakustaldia eman zuen; azken kilometroan erasoan jo, eta ihesaldiko txirrindulariei alde apurra ateratzea lortu zuen. Gernikarrak adierazi zuen, momentu onean dagoela, eta Euskal Herriko Itzulira daukan sasoi onean heltzea espero duela. Halaber, sare sozialen bidez esker oneko berbak izan zituen taldekideentzat; egindako “talde lan ederra” eta garaipena “talde guztiarena” dela azpimarratu zuen.
Andaluziara. Murtziatik hurbil dauka Bilbaok hurrengo hitzordua. Aste honetan Andaluziako Itzulia lehiatuko du. Otsailaren 20an hasi eta 24an amaituko dute 65. Vuelta Andalucía Ruta del Sol.
Sanlúcar de Barramedan (Cadiz) hasiko dute lasterketa, eta Cadizen lehiatuko dute lehen etapa. Bigarren egunean, Sevilla eta Jaen arteko etapa izango dute. Barikuan (otsailak 22) Mancha Real eta La Guardia de Jaen herriak lotuko dituen bakarkako erlojupekoa izango dute. Zapatuan Armillatik Granadara joango dira, eta azken egunean Otura (Granada) eta Alhaurín de la Torre (Malaga) arteko etapa gainditu beharko dute.