Ligako titulua lortzeko kanporaketak jokatuko ditu Lointek Gernika Bizkaiak
20. jardunaldian lortutako garaipenagaz play off-ak lehiatzea bermatu du talde gernikarrak. Sei puntuko aldeagaz irabazi dio Ensino talde galiziarrari, Malosten.
Emakumezkoen Liga irabazteko borrokan egongo da Lointek Gernika Bizkaia. Asteburuan etxean lortutako garaipenari esker, play off-ak jokatzeko txartela bermatu du.
Azken txanpan sartu da Dia Liga. 20. jardunaldia lehiatu dute asteburuan (26 jardunaldi dira). Gernika-Lumoko taldea 80-74 nagusitu zitzaion Duran Maquinaria Ensino Lugoko taldeari, zapatu arratsaldean. Denboraldi honetako hamabosgarren garaipena izan da Malosteko taldearentzat, eta sailkapenean hirugarren postuari eusten dio, 35 puntugaz. Lau puntura ditu Avenida eta Girona.
Sufritu egin zuten Lointekeko jokalariek. Hasiera hotz samarra eduki zuen etxeko taldeak eta aurkariak aprobetxatzen jakin zuen (2-7). Mazyonite kantxaratuta, etxekoen jokoa hobea izan zen; errebotea kontrolatzen eta bizi jokatzen hasi ziren. Kontraerasoan erakustaldia eman zuten. Roundtreek eta Vanderwalek ere beraien onena erakutsi zuten.
Hala, sentsazio onekin, sei puntuko aldeagaz amaitu zuten lehen laurdena (18-12). Hurrengo minutuetan ia dena ondo atera zitzaion etxeko taldeari. Talde galiziarrak ezin izan zuen Lointek geldiarazi. 11-0ko partzialak 25 puntuko aldeagaz jarri zituen etxekoak (partiduko alde handiena).
39-24ko markagailuagaz joan ziren aldageletara, eta atsedenalditik bueltan, partidua erabakita uzteko lanean aritu ziren etxekoak. Defentsan zein kontraerasoan bizi, azkar jokatuta, asmatu egin zuten. Alabaina, Ensinok bere nortasuna erakutsi zuen, eta egoera txarrenei buelta emateko gai dela ikusi zen Malosten. Hamabost puntuko errentagaz sartu ziren azken laurdenera. Markagailua iraultzeko, Ensinoko Nyingifa, O’Dwyer eta Tagliamento jokalariek lan handia egin zuten azken minutuetan. 77-72ko emaitzagaz sartu ziren azken minutuan, eta Nacickaiteren hirukoagaz garaipena etxean geratu zen.