Berri Txarrak taldeak agur esan dio Gernika-Lumori
Talde nafarrak bere ibilbidea eten egingo du eta, agur esateko giran, kontzertua eman du Astran
Beude. Astra Gernikan. Bariku gaua, eta Euskal Herriko talderik enblematikoenen artean gordeko denaren agurra entzuteko bildu ziren bart 700 lagun inguru. Ikusi arte tourrean geldialdia egin du Berri Txarrak talde nafarrak Gernika-Lumon. Ez da kulturarako fabrika soziala bisitatzen duen lehen aldia, baina badirudi azkena izango dela, oholtza gainera igotzeko behintzat.
[Astran emandako kontzertuaren irudiak baliatuta, talde nafarrak bere ibilbide luzean sortutako abestiek emandako hainbat esaldi eta lelo batzen ditu bideoak]
Amesteko gogoa pizteko balio izan zuen taldeak Astrara egin zuen lehen bisitak, baita ere 2007. urtean kaleratu zuen Zertarako amestu dokumentalak. Eta beste behin, amesteko bi ordu eman zien taldeak bart Astrarekin batera dar-dar egin zuten ehunka lagunei.
Beude. Astrako Gernikan. Kanta goibelak maite dituztenak eta infrasoinuak entzuteko gai direnak. Gazte zein heldu, gernikar eta kanpotar… Berri Txarrak taldeak bere ibilbide luze eta oparoan emandako abestien aukeraketa kapritxosoagaz gozatzeko aukera izan zuten musikazaleek. Gezur bat mila aldiz eta poligrafo bakarra, XX. mendeko abestiak eta 2018. urtekoak… Oihu eginez, atzo Astra izan zen taldeak azken diskoan biltzen duen Katedral Bat horren irudi bizia.
Beude. Hiru pertsona eszenario gainean, aurrean eurei men egiteko prest zeuden ehunka entzuleei gozamena eman asmoz. Betiko leloaren betiko leloak zerbaitetarako balio badu, Astrako publikoa saltoka jartzeko baliatu zuen atzo hirukoteak. Saltoka, oreka mantenduz. Eta historikoki zuzenekoetan eskainitakoaren orekari leial, trantsizio orekatua egin zuten Lekunberrikoek beraien doinuetatik MGMT talde estatubatuarraren rock doinuetara, Kids abestiaren akordeak eureganatuz.
Atzo taldea agurtzera joan ziren asko ume izango ziren 1994. urtean, Berri Txarrak sortu zen garai hartan. Laukote modura sortutakoa hirukote gisa agurtuko da. Hasieratik amaierara arte taldea gidatu duen Gorka Urbizu da hastapeneko lau horietatik etapa osoari agur esango dion bakarra. Bederatzi lan luze, maketa bat, singleen eta zuzenekoen bildumak eta hainbat abesti. Oroimenean gordeko den euskal kulturaren altxorra.
Beude, eta Ikusi Arte.