Bertoko azoka egingo dute Ean, bihar
Herriko okela, herriko eta inguruetako elikagaiak eta Euskal Herrian ekoiztutako elikagai ekologikoak sustatu gura dituzte.
Bertoko azoka izena hartuta, herriko eta inguruko produktuak kontsumitzearen aldeko gonbidapen zuzena egingo duen azoka ipiniko dute bihar, Ean. Lehen sektorearen aldeko apustua eginez, urteko lehenengo azoka izango da asteburukoa.
Udan egiten zuten azokari jarraipena ematea komeniko litzatekeela pentsatu zuten Eako Udalak eta ekoizleek. Hori dela eta, otsailean, maiatzean, abuztuan eta azaroan egingo dute Ean azoka. Jose Antonio Aranburu Natxik azaldu legez, hiruhilean behin egingo dute, Bedarokelaren banaketagaz bat egiteko. Bedarokela elkarteko kidea da Aranburu, eta banaketa bihar egingo dutenez, azoka egun berean egingo dutela azaldu du. “Hiruhilean behin egiten dugu herrian bost kiloko sorten banaketa. Beraz, egun horiekin bat eginez, bertoko produktuari ikusgarritasuna emateko beste modu bat izan daiteke azoka jartzea”.
Lau urte dira Bedarokela elkartea sortu zutela. 17 bazkidegaz sortu eta 43 ditu gaur egun. Bedaronan sortu zen ekimena, eta Ispasterrera ere zabaldu dela aipatu du Aranburuk. Okel-loteen banaketa eta bertoko produktuen azoka egingo dutela aprobetxatuta, batzarra egingo dute Bedarokelakoek bihar, 11:15ean. Lau urteetako balorazioa, hausnarketa eta erronkak izango dituzte berbagai. 12:00etan ekingo diote okelaren banaketari, eta azoka ere orduan hasiko da.
Udakoari jarraipena eman
Ean azaroan egin zuten azkenengoz azoka. Bertoko indaba izan zen orduan erakusmahaietara eraman zuten tokiko produktua. “Ekimenak harrera ona izan zuen herrian, eta udako azoka zenari urtean ere jarraipena eman asmoz, oraingoan ere proba egitea pentsatu dugu”, dio Aranburuk.
Indaba ez, baina hainbat produktugaz beteko dituzte bihar erakusmahaiak: tokiko eztia eta kiwia, Nafarroako arroz eta pasta ekologikoak eta Arabako patata ekologikoa. Bertoko produktuak eta “bertotik bertora kontsumitzearen aldeko apustua” egin gura dute antolatzaileek.
EGITARAUA:
- 11:15. Bedarokelaren batzarra.
- 12.00. Bedarokelaren banaketa.
- 12.00. Azokaren hasiera.
- 13:45. Kalzotada eta gibel frijitua.
- Produktuak. Bertoko eztia eta kiwiak, Nafarroako arroz ekologikoa, Nafarroako pasta ekologikoa eta Arabako patata ekologikoak.
- Lekua. Eako Donibane plazan.