Gure basoak ezagutuz
Basoek berebiziko garrantzia daukaten arren, Kaiko argazkilari naturalistak haiekin daukagun harremana galtzen joan dela uste du. Hori gogora ekartzeko erakusketa prestatu du Ekoetxean.
Naturan eta ingurumenean pentsatzen hasterakoan, hainbat toki edo elementu etor daitezke burura. Ibaiek, itsasoek edota mendiek txoko berezia daukate bizitzako alor desberdinetan: berebizikoak dira ingurumenaren barnean, eta gure kultura, historia eta herriaren parte ere badira.
Aipatutako gune horien artean, basoak dira, agian, gure lurretako paisaiak betetzen dituzten gune ikusgarrienetakoak. Horiek gogora ekarri, eta, aldi berean, basoen aniztasuna nabarmendu eta horiek jasan behar dituzten arazoez kontzientziatzeko argazki erakusketa prestatu du Kaiko argazkilari naturalistak.
Baso Ezin Hobea izenagaz bataiatu du argazkilariak bere azken erakusketa. Bertan Iberiar Penintsula guztiko basoak batu dituen arren, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako basoei arreta berezia eskaini nahi izan die.
Ezagutu -Kontzientziatu- Kontserbatu lelopean prestatu duen argazki bildumak, kontzientziazioaren bitartez, basoen galera eta desagerpena geldiaraztea dauka helburu nagusi bezala, gaur egungo eta ondorengo belaunaldien onurarako. Izan ere, Kaiko argazkilaritza naturalista praktikatzera bakarrik mugatu beharrean, ingurumen hezitzailea ere bada.
Argazkilaria mendiz inguratuta bizi izan da umetatik, eta, ondorioz, naturarekiko errespetua barru-barruan darama. Ingurumena errespetatuz, babesteko gogoa ere erakusten du, bere edertasuna irudien bitartez harrapatzeko nahiagaz batera.
Nerabezaroan eman zion hasiera bere ibilbideari, Tajo Garaiera egin zuten kanpaldi batean bere adiskide baten argazki kamera eskuetan hartu eta tresnagaz esperimentatzen aritu ondoren.
Ametsak egi bilakatzen. 2005. urtean, Mundo ibaia jaiotzen den tokira joan zen bizitzera, eta, horrela, naturaz inguratuta bere ametsa bete zuen: Iberiar penintsulako baso guztiak bisitatzea.
Ordurako, bazekien natura bihotzez maitatzen, eta lagunekin etengabe irteerak egiteko aprobetxatzen zuen aisialdia: mendi eta bizikleta ibilaldiak egiteko, troketatik jaisteko, espeleologia eta rafting-a praktikatzeko… Era horretara ezagutu zuen bere bene-benetako zaletasuna.
Guztira 140 baso bisitatu ditu ordutik hona, eta modu horretara, Kaikoren helburu profesionala naturguneetako argazkiak ateratzea da. Bizipen horiek bere ikuspegia aldatu eta gizadiak ingurumenagaz duen harreman berezia, positiboa eta negatiboari buruz hausnartzera eraman du argazkilaria.
Baso Ezin Hobea erakusketa martxoaren 17ra arte egongo da ikusgai Busturiko Madariaga Dorretxean kokatuta dagoen Ekoetxea Urdaibain. Sarrera doakoa da, eta horri esker, ikusleak naturagaz duen harremana berreskuratzeko gogoa piztea da Kaikoren asmoa.