Urdaibai Kopa Ibarrurin hasiko dute martxoaren 3an
Lau probak osatuko dute aurtengo egutegia. Ibarruriko mendi martxa eta lasterketan aldez aurretik izena eman gura dutenek otsailaren 25era arteko epea dute.
Busturialdeko zein inguruko mendi korrikalari eta mendigoizaleen urteroko hitzordu berezia heltzear da. Martxoaren 3an hasiko da Urdaibai Kopa, Ibarrurin.
Aurreko urteetan baino proba gutxiagogaz dator aurtengo kopa. Lau probagaz osatu dute egutegia; Ibarrurin izango du lehen geldialdia. Udaberri bete-betean Gernika-Lumon egingo dute bigarren jardunaldia, eta uztailaren hasieran Eak hartuko du lekukoa. Hala, Gautegiz Arteagan amaituko dute kopa, Andra Mari egunez.
Urtero moduan, mendi lasterketagaz batera, mendi martxa, mendi martxa txikia eta BTT-ko modalitateak batuko ditu Urdaibai Kopak.
Gogora ekarri dute lasterketa soilik dela lehiakorra, eta ligako sailkapen orokorrean parte hartu gura dutenek, proba guztietan parte hartu beharko dute. Sailkapen orokorrean lehiatu nahi ez duten korrikalariek, proba bakoitzean sailkapen bat egongo denez, edozein lasterketetan parte hartu ahalko dute. Hain zuzen, www.urdaibaikopa.eus atarian dago Urdaibai Kopari buruzko informazio guztia. Besteren artean, araudi orokorra eta kopa osatzen duten proba bakoitzari buruzko xehetasunak jaso dituzte bertan.
Ibarruriko mendi martxa. Kopako lehenengo proban parte hartu gura dutenek Urdaibai Koparen zein Ibarruriko Mendi Martxaren webguneen bidez dute aurretiaz izena emateko aukera; otsailaren 25a (astelehena) da horretarako azken eguna.
Martxoaren 3an mendi korrikalariek eta martxa luzeko partaideek 20 km-ko ibilbidea egingo dute, eta laburrekoek 9 km-koa. Aurretiaz izena emanez gero, 8 euro ordaindu behar dira, eta egunean bertan 12 euro ordaindu beharko dira.
URDAIBAI KOPAREN EGUTEGIA:
- Martxoak 3: Ibarruriko Mendi Martxa.
- Maiatzak 12: Gernika-Lumoko Mendi Jaia.
- Uztailak 6: Txipiroi Mendi Lasterketa.
- Irailak 8: Gautegiz-Arteagako Mendi Lasterketa.