Ensino talde galiziarra hartuko du etxean Lointek Gernika Bizkaiak
Lugoko taldearen eta Gernika-Lumoko taldearen arteko partidua 18:30ean hasiko da zapatuan.
Emakumezkoen Ligaren 20. jardunaldian, Lointek Gernika Bizkaiaren eta Duran Maquinaria Ensinoren arteko partidua hartuko du Malostek zapatuan, 18:30etik aurrera.
Azaroaren 25ean Lugon lortutako garaipena errepikatzea izango da talde gernikarraren helburua. Joaneko neurketa haretan, 65-77 nagusitu zen Lointek (7. jardunaldia).
Zazpi jardunaldi geratzen dira Dia Liga amaitzeko, eta Lointek Gernika Bizkaiak sailkapeneko goiko postuetan hasi eta mantendu den moduan amaitu gura du. Bost partidu galdu eta hamalau irabazi ditu eta egindako lanari esker, hirugarren postuan mantentzen da, Girona eta Avenida ahaltsuen atzetik.
Aipatu bi taldeak lau puntura ditu, baina, atzetik, puntu bakarrera dauka Cadi La Seu. Hortaz, Lointekeko jokalariek badakite denboraldia amaitzeko falta diren neurketak irabaztea garrantzitsua dela hirugarren postu hori mantentzeko. Izan ere, Avenidak eta Gironak ia ez dute hutsik egiten; biek ala biek partidu bakarra galdu dute ligan.
Erregina Kopa. Bestalde, Euskal Saskibaloi Federazioa bere sare sozialen bidez Erregina Koparako bi abonamendu zozkatzen ari da (Erregina Kopa otsailaren 18tik martxoaren 3ra jokatuko dute Gasteizen).
Zoketan parte hartzeko galdera honi erantzun behar zaio: Nortzuk dira Erreginaren Kopako asistentzia, errebote eta saskiratzailerik onenak? (1997/98 denboralditik aurrera) eta copareinavg2019@gmail.com helbidera bidali behar da erantzuna.