Bermeo Txartela herriko komertzioei bizi berri bat emateko asmoagaz dator
Txartelak herriko komertzioetan erosketak egiterakoan hainbat motatako abantailak eskainiko ditu.
Bertonek, Bermeoko Txiki Erdi enpresen elkarteak, aurkeztutako ekimen berria da Bermeo Txartela. Horren bitartez, bermeotarrak udalerriko komertzioak eta zerbitzuak erabiltzera bultzatzeko “fidelizazio egitasmoa” prestatu dute.
Gaur goizean batu da Idurre Bideguren Bermeoko alkatea Bertoneko eta Caja Ruraleko ordezkariekin ekimena aurkezteko asmoz. Bertan nabarmendu dutenez, txartela guztiz doakoa da titularrarentzat, eta Bermeoko komertzioetan erosketak egiterakoan erabilita hainbat motatako abantailak eskainiko ditu. Besteak beste, deskontuak edota doako produktuak lortzeko aukera, erosketa baleak, sariak, opariak eta zozketetan parte hartzeko aukera.
Helburuak. Josune Arruti Bertoneko ordezkariak azaldu duenez, egitasmoagaz hainbat helburu bete nahi dituzte. Hasteko, Bermeo sozioekonomikoki garatzeko modu bat bezala ikusten dute, komertzioak, zerbitzuak eta ostalaritza sustatuz. Aldi berean, bermeotarrei zerbitzu hobeago bat eskaintzea bilatuko dute, herritarrari “balio gehigarria” emango dion “ordaintzeko eta fidelizaziorako” tresnak sortuta.
Hori eginda elkarteko kideen arteko lehiakortasuna sustatu eta beraien irudia hobetuko dutela uste dute. Izan ere, irudi eta komunikazio ekintzak indartzea derrigorrezkoa izango da kanpaina zabaltzeko, eta gainera kostuak txikitu egingo dituzte, txartelagaz herritarrei abaintaila ekonomikoak eskainita. Guzti horrekin, bezeroekin “epe luzerako emoziozko loturak” sortuko dituztela nabarmendu dute.
Txartela eskuratu nahi duenak Berton elkartearen bulegoan, kide diren establezimenduetan eta Caja Ruralen bulegoan lortu ahalko du. Egitasmoan parte hartzen duten komertzioen zerrenda Bertonen webgunean egongo da ikusgai. Horrez gain, txartelaren irudia ezarriko dute beraien establezimenduetan.