Berdintasun politikak definitzea helburu duen plana onartu du Bermeoko Udalak
Datozen lau urteetan udalak jorratuko dituen ardatzak eta ekintzak zehaztu dituzte Berdintasun Planagaz.
Bermeoko Udalak Berdintasunaren bigarren Plana (2019-2022) onartu zuen aho batez urtarrilean egindako osoko bilkuran. Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzea da udalaren helburuetako bat, eta hori bideratzeko asmoz, planak datozen lau urteetako herri mailako berdintasun politikak zehaztuko ditu.
Eratutako dokumentu berria aurkezteko batu dira Idurre Bideguren Bermeoko Alkatea, Olga Bayone berdintasun teknikaria eta Bernar Santos eta Loreto Contreras Erroxape Emakumeen Elkarteko ordezkariak.
Azaltzera eman dutenez, plana eratzerako orduan herriko emakumeen elkarteek, mugimendu feministak, herritarrek, alderdi politiko ezberdinek eta udaleko sail ezberdinak elkarlanean aritu dira. Horiez gain, Emakunderen iritzia ere jaso dutela adierazi dute.
Bidegurenen berbetan, azken urteetan “hainbat aurrerapauso” eman dituzte berdintasuna lortzeko helburuagaz, baina hori errealitate bilakatzeko “oztopo eta muga handiak” egoten jarraitzen dute gaur egun.
Hori dela eta, udalak “plan errealista eta praktiko bat” landu duela azpimarratu du. Hala izanik, jasotzen dituzten proposamenak aurrera eraman ahal izateko baliabideak izango dituztela dio alkateak.
“Gure gizartean aldatzeko gauza asko ditugu, eta ez da batere erreza beste era bateko jendarteko harremanen eredu baterantza joatea”. Horretarako, sortzen ditugun programa, ekimen eta zerbitzu guztiak ikuspuntu feminista batetik landu behar dituztela uste du Bidegurenek, hori baita “benetako berdintasuna lortzeko bidea”.
Nabarmendu dutenez, planak guztira lau ardatz, hamasei helburu eta 97 ekintza jasotzen ditu. Dokumentua “zeharkakotasunaren ikuspegitik” landu dute. Izan ere, “udalaren arlo eta zerbitzu guztiek bere gain hartu”, eta programa eta zerbitzu guztietan genero ikuspegia txertatuko dute.
Diagnostikoa landuz. Berdintasun Plana eratu aurretik gaur egun alor eta esparru ezberdinetan bizi daitekeen egoerari buruzko diagnostikoaren zirriborroa landu zuen udalak. Bertan herritarrek, herriko kultur, auzo eta kirol elkarteek, enpresek, udal langileek, hezkuntza eta osasun arloko eragileek, eta emakume eta mugimendu feministak berdintasunaren inguruan duten ikuspegia jaso eta aztertu egin zuten.
Bildu dituzten datuekin, Bermeoko Udalak bizi duen egoeraren inguruko xehetasunak emateko aprobetxatu dute Bidegurenek eta Bayonek. Udal ordezkarien inguruan, “parekidetasuna” dagoela ikusi dute: gizonak %53a dira eta emakumeak %47a.
Udal Gobernuan emakume gehiago daudela nabarmendu dute, eta horiek hirigintza eta kirola bezala gaiez arduratzen dira. Auzo alkateen kasuan, berriz, ez dute berbera nabaritu: udalerriko hamar auzo alkatetik, bi emakumek dute kargu hori.
Langileei dagokienez, emakume eta gizonen presentzia “nahiko orekatuta” dagoela azaldu dute, baina bi sail maskulinizatuta daudela: Zerbitzuak eta Udaltzaingoa. Gainerako sailetan, emakumeek langileriaren gehiengoa osatzen dute. Horien artean, goi mailako teknikari gehienak emakumezkoak direla nabarmendu du berdintasun teknikariak.
Bayoneren berbetan, “argi dago udalak hainbat ekimen abiarazi dituela berdintasuna bermatzeko”, baina egin beharreko “asko” dagoela aitortu du. Esaterako, datuak sexuka jasotzea, berdintasun arloan trebakuntza eskaintzea eta berdintasun ikuspegia udaleko proiektu guztietan txertatzea.
Ardatz nagusiak. Diagnostikoa eratuta, planaren ardatzak eta ekintzak zehazteari ekin zion udalak. Aipatutako lau ardatz nagusiak gobernu ona, emakumeen ahalduntzea, ekonomia eta gizarte antolakuntza eraldatzea eta azkenik, emakumeen aurkako indarkeria gabeko herria sortzea direla nabarmendu dute.
Horien barnean ia 100 ekintza proposatu dituzte. Esate baterako, ordezkari politikoek kode etikoa sinatzea, Gizonduz: sentsibilizazio eta formakuntza programa bultzatzea, eta Berdinsarean izena ematea.
Bukatzeko, Berdintasunerako Emakumeen Kontseilua sortzeko asmoa aipatu dute. Bidegurenek zehaztu duenez, “udala eta emakumeen taldeak eta mugimendu feminista elkarlanean urte bete inguru daramagu berdintasunerako kontseiluaren eraikuntzan eta epe laburrean aurkeztea aurreikusten dugu”.