Pello Bilbao gernikarra hirugarren, Valentziako Itzulian
Ion Izagirre ormaiztegiarrak irabazi du Valentziako Komunitateko Itzulia. Alejandro Valverde sailkatu da bigarren.
Astana taldeko Ion Izagirrek irabazi zuen 70ª Volta a la Comunitat Valenciana Gran Premi Banc Sabadell, atzo. Movistar taldeko Alejandro Valverdek (iazko irabazlea) eta Astanako Pello Bilbaok osatu zuten podiuma. Espainiarra eta gernikarra ormaiztegiarrarengandik zazpi segundora geratu ziren sailkapen nagusian.
Bi urte garaipenik eskuratu barik egon ostean, Izagirrerentzat garaipen garrantzitsua izan da, eta bere taldeak itzulian egindako lana azpimarratu zuen atzo. Hain zuzen, taldekako saria eroan zuen Astanak.
Zapatuko etapan ere hirugarren amaitu zuen Bilbaok. Adam Yates britainiarra izan zen azkarrena (4:54:56) Valverde denbora berean sartu zen, eta Bilbao bi segundora, Ion Izagirregaz batera. Izagirrek liderraren mailota jantzi zuen Santa Llucia en Alcossebreko ermitan amaitutako etapan. Vila-realen hasi zuten eguneko lasterketa (188 kilometroko). Etapa erreginak amaiera zirraragarria eduki zuen.
Bost etapak osatu dute Valentziako Itzulia. Atzokoa Valentziako hiriburuko udaletxe aurreko plazan amaitu zuten, sprint ikusgarri batekin. Jumbo Visma taldeko Dylan Groenewegen holandarrak irabazi zuen Paterna eta Valencia arteko etapa. Bilbao 29.ena izan zen, denbora berera.
Orihuelan hasi eta amaitutako erlojuaren kontrakoagaz hasi zuten proba, eguaztenean. Edvald Boasson Hagen norvegiarrak jantzi zuen mailota lehen egunean, eta zapatura arte lidergoari eutsi zion. 12 minutu eta 55 segundo markatu zituen (Izagirre bigarren sailkatu zen bost segundora), eta Bilbao zazpigarren sailkatu zen, zazpi segundora.
Bigarren etapa (Alicante-Alicante) 166 kilometrokoa izan zen. Hainbat ihesaldi saiakera izan zituen, eta zortzi txirrindularik burutu zuten eguneko ihesaldia. Hala ere, La Carrasqueta mendatea igotzen hastean tropelak harrapatu zituen. Amaieran, esprintean erabaki zen etapa. Mateo Trenttin italiarrarentzat izan zen garaipena (45:10:12), eta Astana taldeko txirrindulari gernikarra tropelean sartu zen denbora berera (51.ena).