Araskiren hordagoa
RPK Araskik nagusitasun osoz irabazi du derbia: 71-48. Lointek Gernika Bizkaia asmatu ezinik aritu da Mendizorrotzan.
RPK Araski eta Lointek Gernika Bizkaia aurrez aurre. Mendizorrotzak hartu zuen atzo Dia Ligaren 19. jardunaldiko euskal derbia. 71-48ko emaitzagaz irabazi zuen talde gasteiztarrak.
Etxeko taldeak bere bertsiorik onena eman zuen, modu naturalean, behartu gabe. Gernika-Lumoko taldearen huts egiteak nabarmenak izan ziren. Araskik partidu borobila egin zuen, eta Lointeki ia ez zitzaion ezer nahi bezala atera.
Bizi kantxaratu ziren Araskiko jokalariak. 6-0ko partzialagaz eman zuten abisua. Gasteiztarren zonako defentsa ikusita, hutsartea eskatu zuen Mario Lopez Lointeken entrenatzaileak. Haren aginduek eragina izan zuten eta talde gernikarrak Vanderwalen jaurtiketa libreagaz estreinatu zuen markagailua. Defentsan ere hobeto aritu zen, eta aurkariek igarri zuten. Ondorioz, bi minututan, 0-7ko partziala lortu zuen Lointekek. Norabide onean jarri zen, baina, Edwards geldiaraztea (hamar puntu egin zituen lehen laurdenean) kostatu zitzaien Lointekeko jokalariei. Roundtreek etekina atera zezaketen jokaldiak irakurri zituen, baina, talde lanean ez zen euren eguna izan. Ariztimuño ere saiatu zen bere taldekide izandako Garciagaz. Baina, bilbotarrak ezin izan zuen muxikarragaz.
Bost puntuko aldeagaz (19-14) sartu ziren bigarren laurdenean. Etxeko taldeak kontrola bereganatu eta errenta handitzen zuela ikusita (24-24), Lopezek zonako defentsa proposatu zuen. Halaber, erasoko jokaldietan baloia mugitzen asmatu zuen, baina, saskiratzerakoan zortea ez zuten alde izan. Etxeko taldeak ere zenbait huts egite egin zituen bigarren laurdenean. Hala ere, erasorik onena defentsa dela sinetsita, ondo eutsi zion.
Partidua irekita ailegatu ziren bigarren zatira: 32-26. Lointeken erronka argia zen: kanpoko jokaldi eta jaurtiketetan asmatzea eta Drammeh eta Edwards estua hartzea. Garaipena lortzeko gogor lan egin beharra zegoen. Lehen minutuan 8-0ko partziala eginda ekin zion hirugarren laurdenari etxeko taldeak. Garcia muxikarrak aho zabalik utzi zituen aurkariak zein harmailetako zaleak.
Lopezek hutsartea eskatu zuen, baina, partiduari buelta ematea ezinezkoa bihurtu zen. Jaurtiketetan izandako zailtasunek min handia egin zieten. Hamar puntuko aldeagaz sartu ziren azken laurdenera (47-37). Ariztimuño, Diez, Banham, Mazionyte eta Pascua kantxaratu zituen Lointekek. Defentsan zein erasoan erronka handia zuten. Azken unean berpiztu eta ezustekoa ematen badaki talde gernikarrak, baina, atzo ezinezkoa izan zen. Araskik ondo eutsi zion azken txanpari. 7 metrotik Garciak egindako hirukoak partidua hautsi zuen; hamabost puntuko errentak (60-45) Lointekeko jokalariak mugitu ezinik utzi zituen.