Oier Goitia presoa Asturiasera hurbildu eta bikotearengandik urrundu dute
Goitia sorterritik hurbilago dagoen arren, Sarek salatu du bere bikotea den Ainhoa Gartziarengandik urrundu dutela.
Oier Goitia Abadia preso politiko gernikarra Asturiaseko Villabona espetxera lekualdatu dute. Gernika-Lumoko Sarek jakitera eman duenez, Murtzia II espetxean preso izan dute Goitia orain arte, Euskal Herritik 825 kilometrora, eta Asturiasera eroan dute, Euskal Herritik 320 kilometrora.
Goitia sorterritik hurbilago dagoen arren, Sarek salatu du bere bikotea den Ainhoa Gartziarengandik urrundu dutela. Goitiak eta Gartziak legez onartuta dute espetxe berean egotea, eta ebazpen judizialean jasota dute eskubide hori. Hala ere, une honetan biak elkarrengandik bananduta dituztela kritikatu du Sarek, eta, kasu honetan, bi presoen egoera pertsonalean ezbeharra suposatu duela hurbilketak.
30 urte dira dispertsio politika diseinatu eta aplikatu zutela, eta Sareren iritziz, politika horrek urrunketa sistematikoa dakar berarekin. Kilometroak muriztea positibotzat jo du Sarek, dirua gutxiago xahutzea dakarrelako eta nekea arintzen ere laguntzen duelako. Hala ere, Sarek dio gizartea ezin dela konformatu tarteka Presoren bat Euskal Herrira hurbiltzearekin. “Giza eskubideen ikuspegitik, lege aldetik eta konponbideari ekarpena egiteko, euskal preso guztiak lehenengo Euskal Herrian, eta etxerako bidean egon behar dutelako. Orain, hemen eta denak”, dio Gernika-Lumoko Sarek.
Egoera ulergaitza. Goitiaren kasuan, lekualdatzean presoaren eskubide bat urratu dutela azpimarratu dute, bere bikotearengadik aldentzean, eta epaileak onartutako eskubide hori bermatzeko exijitu du Sarek. 2019. urtean Euskal Herriko egoera aldatuta dagoela esan dute, eta jendarteak eman dituen pausoak etorkizunari begira eta elkarbizitzan oinarrituta eman dituela gogorarazi. Hori dela eta, Sareren iritiz ulergaitza da oraindik orain 262 preso egotea espetxeetan, gaixotasun sendaezina duten presoen afera konpondu gabe egotea eta giza eskubideak urratzen jarraitzea, bai presoen eskubideak zein beraien senide eta hurbilekoenak.
Testuinguru horretan, Oier Gomezen heriotza salatu eta azkena izan dadila eskatu du Sarek, eta presoen auziari irtenbidea emateko ardurak exijitu ditu: “instituzioek, ardura politikoak dituztenek, jendartea erakusten ari den jarrerari ausardi gehiagorekin erreparatu behar die. Pauso gehiago eta sakonagoak behar ditugu”, esan du Sarek.