Demikuko XII. Mendi Martxa, domekan
Parte hartzaileek 25 kilometroko edo 12 kilometroko mendi martxa egingo dute.
Urteroko huts egin ezinezko hitzordua bihurtu da Demikuko mendi martxa bermeotar zein inguruko bizilagun askorentzat. Iaz, esaterako, eguraldi txarrari aurre eginez, 165 ibiltari batu zituen kirol probak.
Hamabigarrenez egingo dute aurten, eta beste behin, bi ibilbide daude aukeran. 25 kilometrokoa (24,94km eta 1.108,5mko desnibel positiboa) egiteko 08:30ean abiatuko dira baselizatik; 300 parte hartzailetako muga dago. Honako ibilbidea egingo dute: Demiku-Katilotxu-Montemoro-Busturia-Parisi-Sollube-Demiku.
10:00etan irtengo dira martxa laburrenekoak eta 12 kilometroko ibilbidea egingo dute; 100 parte hartzailetako muga zehaztu dute.
Ibilbideak ondo seinaleztatuta egongo dira, eta parte hartzaileentzat motordun laguntzaileak egongo dira.
Izen ematea. Martxan parte hartzeko demikumartxa@hotmail.es helbide elektronikora mezua idatzi behar da (10 euro da izen ematea). Izen-abizenak, NAN zenbakia, gizona edo emakumea den, harremanetarako telefono zenbakia, posta elektronikoa eta ibilbide luzea edo laburra egingo duten zehaztu behar dute izena ematen dutenek. Bihar da izena emateko azken eguna. Hala ere, dortsalak sobera egonez gero, martxaren egunean bertan ere izena eman ahalko da. Alabaina, aldez aurretik izena ematea aholkatu dute antolatzaileek.
Izena eman ondoren, antolatzaileek mezua bidaliko diete zerrendan sartu dituztela jakinaraziz eta transferentzia egin behar dutela esanez. Transferentzia hurrengo kontu korrontean egin behar da: Laboral Kutxa ES 943035-0034-08-0341049605 . Diru sarrerak banketxean 10:30ak baino arinago egin behar direla gogora ekarri dute.
Antolatzaileek 200 parte hartzailetik gora espero dituzte. Izan ere, bart gauean 150 pertsona zeuden izena emanda: “Partaidetza handia edukiko dugu; uste dugu iaz baino jende gehiago etorriko dela. Beste urte batzuetan modura, bizkaitarrez gain, gipuzkoarrek eta nafarrek ere izena eman dute”.
Beste urteetan modura, antolatzaileek hainbat ohar eman dituzte. Gogoratu dute Demikura ezingo dela ibilgailuan igo, eta beraz oinezkoek Bermeotik 1,5 km egin beharko dituzte Demikura heltzeko.
Kontrol mahaia Demikuko baselizan egongo da irteera emateko. Irteera eman aurretik, derrigorrezkoa da bertara hurbiltzea, antolatzaileek zenbakia emateko eta banketxeko ordainagiria aurkezteko. Arropak edota motxilak baseliza barruan uzteko aukera egongo da. Baina, horretarako, aldez aurretik antolatzaileei esatea beharrezko da.
Hala, martxari buruzko informazio guztia martxaren blogean jaso daiteke.