Urdaibaiko turismo jasangarriaren alde lan egingo dute erakundeek
Urdaibai Biosfera Erreserbak Turismo Jasangarriaren Europako Gutunari atxikimendua emateko bidea hasi du. Ekoetxea Urdaibain gaur goizean eman duten prentsaurrekoan eman dute horren berri Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Urremendi Landa Garapenerako elkarteko ordezkariek.
Azaldu dutenez, 2012-2017 urteetarako plana agoruta zegoen, eta garai berrietara egokitzeko plana diseinatzeko beharra ikusi dute. Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza arloko sailburu Iñaki Arriolak azaldu legez, turismoa garatzeko baliabideak baditu Urdaibaik, baina bide horretan iraunkortasuna zaintzea ezinbestekoa da. Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Isabel Muelak ere gauza bera azpimarratu du. Haren esanetan, iraunkortasuna zaindu ezean ezingo litzateke turismoa garatu Urdaibain, eta iraunkortasunak bai arlo sozioekonomikoa, bai ingurumena zein ondare kulturala zaindu beharko lituzke. Muelaren iritziz, turismoa garatzea ezinbestekoa da etorkizunera begira, baina tokian tokikoa zainduko duen turismo mota da garatu beharko litzatekeena. Europako Gutunarekin bat eginez, helburu horiek markatu eta aurrerapauso bat eman dela azpimarratu dute erakundeetako arduradunek.
Tokiko ekonomiari lagunduko dion eredua proposatu dute Ekoetxea Urdaibain egin duten aurkezpenean. Bittor Oroz Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen esanetan, “landa garapenerako turismoa da Urdaibaik behar duena, etorkizunean bertoko herrierako ekonomiak sendotzen lagunduko duena”. Horretarako, eta tokian ingurumen inpaktua ahalik eta txikiena izateko, ekintza planen jarraipena egitea ezinbestekotzat jo dute.
Bikaintasuneko lurraldea. Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak Turismo Iraunkorreko Europar Gutunari atxikitzea Urdaibairentzat «garrantzitsua» dela adierazi zuen, «naturaren kontserbazioak eta erabilera turistikoak» hainbat «sinergia» sortuko dituztelako iraunkortasunaren alor ezberdinetan.
Aldundiak ere turismo jasangarriaren alde egiten du biosfera erreserban, eta atxikipenagaz Urdaibai eta Busturialdea Europako Bikaintasuneko Lurralde gisa nabarmenduko dela azaldu zuen Unzuetak. Horrek garapen soziekonomiko orekatua bultzatzeko aukera eskainiko duela nabarmendu zuen, aldi berean ingurumena errespetatzen duten «kalitatezko produktu turistikoak bermatzeko».
Ibon Legarza Urremendi Landa Garapen Elkarteko lehendakariak ere zer esan izan zuen agerraldian. Bere berbetan, Urdaibai Biosfera Erreserban eta horrek barnean duen eragin sozioekonomikoko eremuan, Busturialdean, garatzen den turismo jasangarriagaz zerikusia duten erakunde publiko eta entitate pribatu guztiak elkarlanean jarri nahi dituzte, «bai proiektua abiarazteko eta bai ekimenera atxikitzeko».
Urremendi Landa Garapenerako Agentziak koordinatuko ditu Urdaibain turismo jasangarria bultzatzeko aktuzioak, eta prozesua hiru fasetan banatuta egongo da, Aitziber Ansotegi Urremendiko kudeatzaileak zehaztu zuenez. Lehenengoa Urdaibaiko Biosfera Erreserba gutunari atxikitzean datza. Bigarrena eta hirugarrena turismoa ardatz duten enpresak eta bidaia agentziak inplikatzeko helburua izango dute, hurrenez hurren. Elkarlanean, «denok gura dugun turismo eredu jasangarria» lortzea posible izango dela esan zuen Ansotegik.
Gaur egun Europako 20 herrialdetako 168 espazio babestu daude Turismo Jsangarriaren Europako Gutunari atxikita.