Kosnoagako igerilariak dominekin bueltatu dira Bizkaiko Neguko Txapelketatik
Gernika-Lumoko igeriketa taldeko zortzi kidek lehiatu dute Bizkaiko Neguko Txapelketa, Getxon.
Bizkaiko Neguko Txapelketa Getxoko Fadura igerilekuan lehiatu zuten, asteburuan. Ume mailan Kosnoagako zortzi igerilarik burutu zuten proba.
Garazi Fernandezek, Irati Bengoetxeak, Ane Obietak eta Iraia Arambarrik osatu zuten nesken taldea, eta Aimar Ondarzak, Unai Uribek, Aide Ercillak eta Aimar Irazabalek mutilena.
Sailkapen orokorrean, parte hartu zuten hamabost taldeetatik bigarren sailkatu zen mutilen taldea, eta neskak laugarren geratu ziren (nesketan hamahiru talde egon ziren).
Banakako probei dagokienez, 22 domina lortu zituzten denen artean (neskek hamar domina eta mutilek hamabi domina). Erreleboka, berriz, mutilek brontzezko domina bat eta zilarrezko bi domina eta neskek zilarrezko bi domina irabazi zituzten.
Banakako probetarako nahiz erreleboetarako zortzi igerilari izanda, taldeak lortuta emaitza onak azpimarratu dituzte talde gernikarraren ordezkariek. Sailkapen orokorrean “oso maila altua” eman zutela adierazi dute: “Gainontzeko talde gehienek igerilari gehiago izan zituzten, eta horrela, adibidez, erreleboetan parte hartzeko freskotasun handiagoa zutela igarri zen”.
Halaber, arrakastaren zati handi bat entrenatzailearena dela zehaztu dute, “txapelketara igerilariak sasoi puntu altuan heltzea ahalbidetu baitu”. Hortaz, egindako lanagatik eskerrak eman dizkiote.
Bestalde, udalerriko igerilekuan duten leku faltari buruzko kezka agertu dute, beste behin: “Ez gara nekatuko Gernikako igeriketarako baldintza hobeak aldarrikatzen. Harrobi itzela dago, ume piloa taldean sartu ezinik geratzen dira leku faltagatik, entrenatzeko kale eta ordu gutxi ditugu, eta hala eta guztiz, Kosnoagako igerilariak emaitza ikaragarriak lortzen ari dira. Udaletxeari, alderdi politikoei, gaia euren agendan sartzeko eskatu nahi diegu, Gernikan igerilekua gainezka dagoelako eta sartzen ez garelako, ez Kosnoagakideok, ez erabiltzaile arruntak”.