Goierri eta Altamira auzoak batzen dituen errepidea konponduko dute
Lanak uda aldera bukatuta egotea aurreikusten du Busturiko Udalak.
Busturiko Udalak Goierri eta Altamira auzoak batzen dituen errepidea konpontzeko lanak egingo ditu.
Errepideak kalte handiak jasan zituen joan den urte hasieran izandako euriteen ondorioz. Zehazki, lur jausiak eragin zituzten euriteek, eta bidearen alde bat “hondoratuta” dagoela adierazi du Aitor Aretxaga Busturiko alkateak. Hori dela eta, bide ondoko lurzorua “egoera oso txarrean” dago. Euriteen ostean, gunearen azterketa egin zuen udalak, eta guztira “300.000 euroko balioko konponketak” egin beharko zirela ikusi zuten.
%90eko diru laguntza. Hala, Bizkaiko Foru Aldundiarengana jo zuen udalak, ezusteko istripuentzako diru laguntzak eskuratzeko asmoz. Aretxagaren berbetan, aldundiak eskaera hori onartu berri du, %90eko laguntza eskainita. Beraz, aldundiak 270.000 euroko laguntza eskainiko dio udalari, eta horrek 30.000 euroko ekarpena egin beharko du.
Lanak uda aldera bukatuta egotea aurreikusten dute, baina konpoketak egiteko aurretik “lan handia” dagoela dio alkateak. Une honetan lurraren egoera zein den jakitzeko lagin batzuk ateratzen ari dira, “proiektua era egoki batean burutu ahal izateko”.
Gaur egun bidea kamioientzat itxita dago, baina autoak igarotzeko bidearen zati bat zabalik dago. Gainera, ikuspen gutxiko gunea izanik, ispilu batzuk ezarri dituzte segurtasuna hobetzeko.