Bermeok birziklapen datuak hobetu ditu 2018an
Guztira birziklatutako hondakin kopurua %2,4 igo zen udalerrian joan den urtean.
Balorazio “positiboa” egin du Bermeoko Udalak. Izan ere, 2017. urtearekin alderatuz, birziklatutako hondakin kopurua %2,4 igo zen guztira udalerrian joan den urtean.
Birziklapen datuekin batera, aurreko urteagaz alderatuta sortutako sastarren kopurua %1 jaitsi dela iragarri dute. Guztira, 4.945 tona sastar inguru sortu dituzte herritarrek 2018an; hau da, herritar bakoitzeko 289 kilo sastar sortu ziren.
Irune Ormaetxea Bermeoko Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, orotara, Bermeon sortutako hondakin guztietatik “%26a berreskuratzen da birziklatzeko”. Era berean, gaineratu duenez Bermeoko Garbigunean “293 tona hondakin ere berreskuratu dira”.
Banakapena. Udalak egindako azterketaren xehetasunak ere eman ditu zinegotziak. Izan ere, hondakin mota gehienen birziklapenak gora egin du. “Igoera nabarmenena etxeko olioaren bilketan izan da, %15eko igoera izan baitu, iaz 13.300 kilo olio bildu baitziren kaleko edukiontzien bidez”, nabarmendu du.
Alde horretatik, 2018an Bermeoko Udalak Etxeko olio zikina batzeko zerbitzua bi edukiontzi berrirekin indartu zuen, San Martinen eta Zubiaur tar Kepa kaleetan, hain zuzen ere. Zinegotziaren berbetan, edukiontziekin lortu dituzten emaitzak “onak” izan dira.
Bolumen handiko hondakinen bilketaren erabilerak ere gora egin duela nabarmendu dute. 193.000 kilo altzari eta etxetresna zahar bildu dituzte guztira, eta aurreko urteagaz alderatuta igoera %7,4koa izan da. Ontzi arinen birziklapenari dagokionez, %4,4ko igoera izan du. Zehazki, 291.000 kilo birziklatu dituzte Garbikerren bidez Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatutako egitasmoagaz.
Azkenik, udalak kudeatzen duen papera eta kartoiaren bilketan ere igoera egon da, %1,91koa, eta guztira 532.000 kilo berreskuratu dituzte.
Beherakadak ere egon direla aitortu dute udaleko arduradunek. Eco-vidriok kudeatutako Beiraren kasuan, 2017ko ia kopuru berbera batu da, hau da, 498.000 kilo; eta Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatutako erropen bilketaren kasuan, beherakada txiki bat egon da, %1ekoa; hala ere, 35.460 kilo erropa batzea lortu zen 2018. urtean Bermeon.
Jasangarritasuna. Ormaetxearen ustez, “garrantzitsua” da kontsumitzerako orduan “arduratsuak” izatea, eta “jasangarritasunaren ikuspuntua kontuan hartzea: bertoko produktuak kontsumitu, gain-ontziratutako elikagaiak ez erosten saiatu, erosketarako orga, telazko poltsak erabili…”.
Hori dela eta, pozik azaldu da jasotako datu eta emaitzekin. “Bermeotarrak birziklatzeko ohituran denborarekin orokorrean hobetzen joan” direla dio.
Hala ere, datuak oso positiboak diren arren hobekuntzetarako lekua ere badagoela adierazi du Ormaetxeak. “Birziklapena gehitzeko ahalegin gehiago egin behar ditugu”, aitortu du, eta udalaren erronka “hondakin gutxiago sortzea eta sortzen dena berrerabiltzea edo birziklatzea” dela azpimarratu du.