Kotxe batek su hartu du Bermeoko Atale Kalean
Sua amatatzera hurbildu den gazte batek aurpegian erredurak dituela esan dute Segurtasun Saileko ordezkariek. 12:45ean piztu da sua.
Segurtasun Sailak baieztatu duenez, 12:45ak aldera, kotxe batek su hartu du Esparru kalean, eta suhiltzaileak sua amatatzeko lanean ari dira. Lanbide Heziketako mekanikako zikloan gertatu da ezbeharra, eta suhiltzaileek argitu dutenez, lau dira kaltetutako ibilgailuak.
Sutearen ondorioz, segurtasun neurri moduan, eraikin barruan zeudenak aterarazi dituzte.
Suhiltzaileak heldu aurretik, sutea amatatzeko zereginean zebilen gazte bat zauritu da, eta anbulantzian eroan dute Gernikako ospitalera.
Segurtasun Sailetik jakitera eman dutenez, aurpegian ditu erredurak. “Antza denez su-itzalgailuagaz hurreratu da sua amatatzera eta aurpegia erre zaio”.
[EGUNERATUTA]: Udaltzaingoa, Bermeoko Udaleko herri lanetako langileak eta udal teknikariak, Herri Babesa, Ertzaintza eta suhiltzaileak Bermeoko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuko kanpoaldeko tailerrean lanean egon ondoren, sutea kontrolatua dagoela jakinarazi dute suhiltzaileek.
Tailerrari dagokionez, udal teknikoek zein ikastetxeko zuzendaritzak eraikinaren egoera eta ikastaroetan erabiltzen den materialaren egoera aztertuko dutela azaldu du udalak. Tailerra bera hondatuta geratu den arren, institutuak normaltasunez funtzionatzen jarraituko duela adierazi du.
Benito Ibarrolaza alkateordeak eta Zerbitzuetako zinegotziak suteari aurre egiteko lanean egon diren guztiei eskerrak eman dizkie. “Emandako erantzuna azkarra izan da eta horri esker sutea gehiago ez zabaltzea lortu dute”.
Herri Babesak egindakoa nabarmendu du Ibarrolazak, bere berbetan “ezinbestekoa” delako boluntarioz osatutako taldearen lana “suari ahalik eta arinen aurre egiteko”. Azaldu duenez, sute bateko lehen minutuak arriskuari aurre egiteko “oso garrantzitsuak” dira. “Zorionez Herri Babesekoak izan ditugu suteari lehenengo momentutik aurre egiten”.
Istripua Bermeorentzat suhiltzaile talde finko bat edukitzearen garrantzia azpimarratzeko gogoratu du, halako gertaera larrien aurrean “ezinbestekoa” baita.
Bukatzeko, OLHUIko langile eta ikasleei Udalaren elkartasuna adierazi die alkateordeak, “urduritasun handiko momentuak” bizi dituztelako. Era berean, zauritutako ikaslea “ahalik eta arinen sendatzea” espero duela gaineratu du.