Euskadiko Kros Txapelketan onenen artean egon da Gernika AT
Nesken gazte eta mutilen junior taldeek Espainiako Kros Txapelketarako txartela lortu dute, Ordizian.
Gernika Atletismo Taldeko 36 atletak parte hartu zuten atzo Ordizian lehiatutako Euskadiko Kros Txapelketan. Hain zuzen, parte hartzaile gehienetako klubetako bat izan zen.
Egindako lanagaz gustura daude. Hala, nesken gazte eta mutilen junior taldeek, podiumetan sartu eta Espainiako Kros Txapelketarako txartela lortu zuten. Aipatu txapelketa otsailaren 24an (domeka) jokatuko dute Jaengo Linares herrian (Andaluzia, Espainia).
Ibon Malaetxebarriak, Ibai Musatadik, Aitor Lafuentek, Unai Lobatok, Ager Badiolak eta Aitor Asturiasek osatutako junior taldea txapeldunorde geratu zen; Goierri taldea nagusitu zen.
Gazte mailako nesken taldea hirugarren sailkatu zen. Durangoko Bidezabal izan zen kategoria horretan onena. Iara Auzokoa, Lucia Aretxederreta, Getari del Val, Nile Ordeñana, Olatz Baraiazarra, Oneka Zulueta, Uxue Zabaljauregi eta Paule Zugaza-Artazar atletek, denboraldi honetako maila onari eutsiz, lasterketa dotorea egin zuten.
Kadete mailako atletek ere lan bikaina egin zutela adierazi dute Gernika ATko ordezkariek. Mutilen taldea podiumetik hurbil geratu zen; laugarren sailkatu zen. Nesken taldeak, berriz, seigarren postua eskuratu zuen.
Halaber, absolutu kategorian 21 taldek parte hartu zuten, eta talde gernikarra bosgarren geratu zen. “Silvia Hermida gernikarrak ere lasterketa ona eta gogorra egin du. Euri zaparradak, txingorra eta sekulako hotza egin arren, atletak ez ziren kikildu; lokatzez eta urez betetako zirkuito gogorrean, Euskadiko onenen artean sartu ziren. Bi autobusetan joan ziren atletak eta zaleak, eta taldearen lana eta lorpena ikusita, pozarren itzuli ziren denak”, adierazi dute Gernika ATko ordezkariek.
Taraska. Bestalde, 18 urteko azpikoetan, Bermeoko Taraska Atletismo Taldeko Izaro Egibarrek 20. postuan amaitu zuen proba; bizkaitarren artean bosgarrena izan zen.