Ekoetxeak 60 mila bisitariren marka hautsi du
2017ko datuekin alderatuta, Ekoetxea Urdaibaik 2018an %12.21 bisita gehiago izan zituen
Bisitari kopuruari dagokionez, marka hautsi du Busturian dagoen Ekoetxea Urdaibaik. Hain zuzen, zabaldu zutenetik inoizkorik markarik onena erregistratu du ingurumen interpretazio zentroak.
Guztira, 60.409 izan ziren biodibertsitatea lantzen duen gunea bisitatu zutenak, eta 2017ko datuekin alderatuz gero, kopuruak %12.21 egin du gora –53.832 pertsona izan ziren 2017an zentroa bisitatu zutenak–. Gehienak bizkaitarrak izan dira (%79,76). Gipuzkoarrak (%4,82), arabarrak (%3,78) eta nafarrak (%0,45) ere izan ziren Ekoetxean, bisitan. Espainiar Estatutik heldutakoak %7, 13 izan ziren eta %3,38 Europatik etorritakoak.
Urterik urte, bisitari kopuruak gora egin du, eta Ekoetxea Urdaibai zabaldu zutenetik 450.000 pertsona igaro dira bertatik.
Ekintza, ekitaldi eta programak. Urte osoan zehar hainbat dira ingurumen interpretazio zentroak antolatzen dituen ekintza eta jarduerak, eta horietan parte hartu duten bisitariek oso positiboki baloratu dute euren esperientzia. Ekoetxea Urdaibaiko arduradunek aipatu dutenez, urte osoan zehar hezkuntza eskaintza zabala eta iraunkortasunean oinarritutako aisialdirako eskaintza ezberdinak eskaintzea izan dira 2018an marka haustearen gakoa. Zehatz esateko, 2018an 350 ekintza baino gehiago antolatu zituen Ingurumen interpretazio zentroak. Ekitaldiak ere ugariak izan dira, bilerak eta kongresuak barne, eta Eskola Programa Didaktikoan 170 ikastetxe baino gehiagok eta 12.000 ikasletik gora parte hartu dute.
Hobekuntzak. Ekoetxea Urdaibaik eskaintzen dituen zerbitzuak eta erosotsuna hobetu asmoz, hainbat lan egin dituzte 2018an. Harreratik hurbil kokatuta dauden tailer eta ekintza ezberdinak burutzeko gelak eraberritu dituzte. Hobekuntza horrekin harrera gunerako aurreikusitako lanak amaitutzat eman dituzte. Horrela, bisitarientzako arretaguneak, erakusketa iraunkorreko eta aldizkako erakusketetarako sarrerak, paraninfoak, tailer gelak, erabilera anitzekogelek eta dendak bat egiten dute.