640 kilotan brontzezko domina lortu du Muruetak
Zapatuan Ibarran jokatu zuten Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketaren gizonezkoen 640 kiloko finala. Beti Gazte talde nafarrak jantzi du txapela.
Murueta Sokatira Taldeak ondo hasi zuen Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketan, eta emaitza onak lortzen jarraitzen du. Pisu guztietan “irabaztera irtetzea” da aurtengo denboraldiko helburua. Eta horretan ari dira.
Gizonezkoen 680 kiloko lehian hirugarren postua eskuratu zuten Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian, eta oraingo honetan Ibarran jantzi dute brontzezko domina. Zapatuan lehiatu zuten 640 kiloko finala. Beti Gazte talde nafarra nagusitu zen, eta etxeko taldearentzat izan zen zilarrezko domina.
Lau talde baino ez ziren egon. Muruetak Zuraiderekin berdinketa hautsi behar izan zuen.
“Gehiago espero” zutela adierazi dute Murueta taldeko sokatiralariek: “Helburua emaitza hobea lortzea zen. Gainera, talde asko ez ginen egon eta aukera gehiago genituela-eta, gorago sartu ahal izatea espero genuen”.
680 kiloko jardunaldiko talde bera osatu zuten. Lehen tiraldian ondo hasi arren, bigarrenetik aurrera talde beherantza joan zela azaldu dute. “Baina, ez dago aitzakirik. Denok ibili ginen txarto. Ez dakigu zer pasatu zitzaigun. Agian indarrez justu egon ginen”.
Zazpi taldek izena eman zuten 640 kiloko kategoriarako. Baina, lehen jardunaldian Ñapurrak ez zen egon, eta bigarren jardunaldian Txantrea falta izan zen. Bost talderen artean lehiatzekoak ziren finala, baina, 6 Conceyos talde asturiarra ez zen egon Ibarran.
Zuraideren kontra hasi zuten 640 kiloko finala, eta lehen tiraldia Muruetak irabazi zuen. “Ondo hasi ginen; erraz irabazi genuen. Bigarrenean eurak indartsuago hasi ziren, eta justu-justu irabazi gintuzten. Ibarraren kontra ezinean egon ginen, eta bi tiraldiak galdu genituen. Ondoren, Beti Gazteren kontra ondo tiratzen saiatu ginen. Baina, ikusten da eurak oso ondo dabiltzala eta beste maila batean daudela”.
Asteburu honetan hasiko dute 600 kiloko lehia. Bilboko Txurdinaga auzoan jokatuko dute lehen jardunaldia, zapatuan (otsailak 9). Zazpi talde izango dira bertan: Murueta eta Gaztedi bizkaitarrak; Ibarra gipuzkoarra; Antsoain, Berriozar eta Beti Gazte nafarrak, eta Napurrak lapurtarra.
Pisuan sartzeko aldaketa batzuk egingo dituzte Muruetako taldean. 640 kiloko bigarren jardunaldia irabazi zutenean izandako sentsazio onak mantenduko dituztela diote. “Hortik segituko dugu. Talde gehiago sartzen dira, eta pisu txikiagoan dena da estuagoa”.
Hurrengo asteburuan Berrizen bigarren jardunaldia lehiatu ostean, otsailaren 23an (zapatua) jokatuko dute 600 kiloko finala, Txurdinagan.
Bestalde, emakumezko taldeei dagokienez, asteburu honetan jokatuko dute 540 kiloko finala, Txurdinagan. Gaztedi, Ibarra, Badaiotz eta Txantrea ariko dira zein baino zein gehiago.