Ohitura zaharrak euripean gogoratuz
Otsaila hemen da jada, eta hilabete berriagaz batera hainbat ospakizunek hartu dituzte eskualdeko herri eta auzoak.
Egun bereziak ospatzen ari dira egunotan Busturialdeko hainbat herritako bizilagunak. Sanblasak, kandelario edota santagedak bezalako ospakizunek tradizio zaharrak gogora ekarri eta elkarregaz bizitzeko aukera ederra dago asteburuan.
Bermeotarrak izan ziren indar biziz ospakizunei hasiera eman ziotenak. Barikuan Demiku jubilatuen elkartekoek kandelario ospatzen hasteko jaia egin zuten beraien lokalean. Atzo goizean, bestetik, Demiku auzokoek jaiei hasiera eman zieten txupina jaurtiz. Ostean sabelak bapo bete eta musikaz gozatzeko aukera ederra eduki zuten. Izan ere, luntxa eta tostada lehiaketa egin zuten auzoan, trikitixaren doinuek lagunduta.
Gernika-Lumon, bestalde, kandelak eskuetan hartu eta kalejira egin zuten Andra Mari elizatik hasita, iluntzean. Euriak kaleak busti bazituen ere, herritarrak giro politean aritu ziren udalerriko kaleak argitzen.
San Blas eta Santa Ageda. Ospakizunekin jarraituz, atzo arratsaldean Busturiakoek San Blas Eguna ospatzeko Axpe auzoan kokatuta dagoen Aingerubide kultur etxean batu ziren. Ume, gaztetxo zein nagusiak bildu ziren bertan, hitzordu zaporetsua prestatuta baizuten: ohitura handia hartu duen tostada txapelketagaz eman zioten hasiera ospakizunei. Horrela, partaideek etxean prestatutako ahiezko tostadak dastatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek.
Leiha gogorra izan zen, baina epaimahaiak Xabier Diaz eta Amaia Balsategik egindako tostadek eraman zuten. Bigarrena Pedro Pedrazak eraman zuen, eta hirugarrena Ina Mobutu-k jaso zuen. Giro ederrean aritu ziren busturiarrak, eta sabelak bapo bete ostean, etxeko txikienek Kaixo mimoaren ikuskizunagaz edarto pasa zuten. Gaur ere ospakizunekin jarraitu dute udalerrian. Izan ere, meza ostean trikitixagaz batera pintxopotean aritu dira.
Santa Ageda Eguneko ekintza nagusiak, bihar, bezpera egunean egingo badira ere, eskualdeko herrietan dagoeneko makilak hartu eta kantuan irtetzera animatu dira. Hala izan da, esaterako, Ajangizen, Sukarrietan, Muxikan, Ibarrangelun edota Ereñon. Herritarrek hotzari eta euriari aurre eginez beraien herriak alaitzen aritu dira makilekin.
Esan bezala, ekintza nagusiek bihar izango dute bere lekua. Modu horretara, Elantxobek, Gautegiz Arteagak, Gernika-Lumok, Foruak, Bermeok edota Mundakak egun benetan berezia biziko dute, bertako ohiturek musikaz beteko baitituzte eskualdeko udalerriak.