Bizisarek eskola menuetarako lehengaien biltegia inauguratu du Muxikan
Seber Altube Ikastolako eta Allende Salazar Eskolako menuak hornitzeko erabiliko dute.
Bizisare-Busturialdeko Garapen Iraunkorrerako Elkarteak, Muxikako Udalagaz egindako akordio bati esker, Zugastietako eskola zaharraren eraikina egokitzeko lanak egin ditu. Modu horretara, eraikina lehenengo sektoreko lehengaien biltoki bihurtu dute. Biltegiak eskola menuetarako elikagaiak gordetzeko helburua izango du.
Hori ahalbideratzeko, biltegian apalak jarri dituzte, eta horiekin batera, jakiak gordetzeko hozkailu ganbera ere. Eraikina Seber Altube Ikastolako eta Allende Salazar Eskolako menuak hornitzeko erabiliko dute lehenik eta behin, baina etorkizunean beste eskola batzuek ere erabiltzea nahi dute.
Gaur goizean egin du Bizisarek biltegiaren inaugurazio ekitaldia. Bertan, elkarteko kideekin batera eskualdeko udaletako hainbat ordezkari eta biltegia hornitzen lagunduko duten nekazariak batu dira. Ainhoa Iturbe Bizisareko lehendakariak azaldu duenez, “umeek elikadura osasuntsu eta hurbileko bat edukitzeko eskubidea daukate. Halako elikadura hemengo jantokietan lortzea borroka luze batean bilakatzen ari da, zentzugabekoa dirudien arren”.
Elkarlanean. Borroka horretan “guraso, baserritar eta udalak” elkarlanean ari direla adierazi du Iturbek, “umeen elikadura osasuntsuan sinesten dugulako, eta elikadura ekologikoa eskola jantokien eredu bihurtzeak umeengan eta gizartean beste onura batzuk dakartzalako: ekonomia lokala sustatu eta mugitzen du, beste lanpostu batzuk sortzen dira, bai nekazarien aldetik eta bai eskoletan”. Guzti horrengatik, elkartea egiten ari den lana “oso garrantzitsua” dela uste du.
Biltegi berriari buruz mintzatzerakoan, auzo eskolak aipatu ditu lehendakariak. Izan ere, antzinako auzo eskolak “inguruko baserritarren artean auzolanean” sortzen zirela adierazi du. ” Batzuk dirua jartzen zuten, besteek hori bultzatzeko lana egiten zuten, baina elkarrekin umeen heziketa eta zerbitzurako egiten ziren”.
Zugastietako eskola zaharrean sortu duten proiektuagaz, eskola zaharrari bizi berri bat emango diote, baina antzeko helburu batekin, etxeko txikienen zerbitzurako egongo baita berriz ere. Lortutakoagaz “pozik”, Iturbek eskerrak eman dizkie elkarteagaz bat egin eta biltegia errealitate bihurtzeko lagundu duten udal, enpresa eta talde guztiei, eta bereziki, Muxikako Udalari.
Bizisare elkartea 2016an sortu zuten ekonomia lurraldeari lotzeko helburuagaz, hau da, jarduera ekonomikoen euskarria Busturialdea izateko asmoz osatu zuten elkartea, “jarduerak birlokalizatzeko, eskualdeko baliabide naturaletatik bizitzeko haiek xahutu gabe”.