Unai Rementeria: "Elkartegiak eskualdeko jarduera ekonomikoa bultzatuko du"
Gernika-Lumoko elkartegia inauguratu dute gaur. Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eraikinak eskualdeko bizi kalitateari eta jarduera ekonomikoari "indarra" emango diola esan du.
Gernika-Lumoko elkartegia inauguratu dute gaur goizean. Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia egon da bertan, eta eraikinak eskualdeko bizi kalitateari eta jarduera ekonomikoari “indarra” emango diola esan du. “Aurrerapauso esanguratsua da elkartegia, eskualdeko lanari indarra emango diona”. Bederatzi milioi euroko inbertsio “oso garrantzitsua” egin, eta 150 lanpostu sortzea aurreikusi dute.
Gernika-Lumorentzat eta Busturialdearentzat “motorra” izatea gura duten enpresen zentroa izango da elkartegia, urruneko eta hurbileko eskaintza ekonomikoa sortzeko eta bultzatzeko egin dutena. Elkartegi modernoa dela esan du Rementeriak, jarduera ekonomiko zein ekintzailea dinamizatzeko tresna: “Eskualde honetan ezinbestekoa den ingurumena errespetatuz, enplegua sortzen eta bizi kalitatea hobetzen lagunduko du. Horrez gain, eskualdeko beste eragile handi batzuei, Maierri esaterako, traktore lana egiten laguntzea espero dut”.
Rementeriaren berbetan, 20 enpresek bertan egoteko interesa agertu dute. 50 lanpostu jarraian lortuko direla gehitu du, eta hilaren bukaeran enpresak instalatu ahal izango direla dio: “Bizkaiko Foru Aldundiaren interesa, baina, elkartegiak hiru bider pertsona gehiago mugitzea da. 150 lanpostu sortzea, alegia”.
Enpresen zentro berriak enpresa, start-up eta ekintzaileentzako guneak izango dituela aurreratu dute. Bertan egoteko interesa duten enpresek lehenengo urtean alokailua ordaindu beharko dute halabeharrez; urtebete igaro eta gero, erosteko aukera ere izango dute. Bulegoen alokairuaren batez besteko prezioa, hilean, 300 eurokoa da; gastuak kontuan hartu gabe. Industria pabilioiei dagokienez, txikienek 1.000 euroko prezioa dute, hilean.
Bi zatitan banatutako elkartegia da Gernika-Lumokoa: bulegoen modulua eta industrien modulua duena. Ekintzailetza eta bulegoan moduluan, batez beste 35 metro karratuko hamalau espazio daude. Bestalde, coworking egiteko areto bat ere badago enpresa proiektu bat bultzatu gura duten ekintzaileentzako.
Industria gunean, berriz, hemeretzi pabilioi daude, 250 eta 750 metro karratu artekoak. Gainera, premiaren arabera batu edo berezi daitezkeela aurreratu dute.
Eskualdeagaz konpromisoa. Elkartegia eraikitzeko lanak “konplexuak” izan direla gogoratu du Bizkaiko Ahaldun Nagusiak: “Hildako lurzail bat berreskuratu dugu, lehen kontaminatuta zegoena. Orain, erabat garbituta dagoen lurzoruan eraikin berezi eta aipagarria eraiki diogu eskualdeari”.
Bizkaiko Foru Aldundiak Busturialdeagaz duen konpromisoa erakusten duen adibidea dela elkartegaia adierazi du Rementeriak: “Erantzukizun honek enpleguagaz du zerikusia, baina baita herritarren bizi kalitateagaz ere”. Horrez gain, udalerrian eta Bermeon asteon zabaldu diren arreta integralerako bulegoak gogorarazi ditu, eskualdean emandako pausoak direla esanez. Gainera, Autzaganeko tunelen obra ere aipatu du.
Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak ere elkartegia bisitatu du, eta Bizkaiko Foru Aldundiari eskerrak eman nahi izan dizkio elkartegia bertan eraikitzeagatik. Gernika-Lumon aintzina egon ziren enpresa garrantzitsu asko desagertu egin zirela gogoratu du alkateak, eta elkartegia “inflekzio puntua” dela esan du: “Gernika-Lumon aktibitate ekonomiko asko galdu da azken urteetan, eta hori berriro berpizteko aukera da elkartegia; bai udalerriarentzako zein eskualde guztiarentzako”.
Javier Zarraonandia Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordearentzat instalazioa “zoragarria” da, eta proiektua bultzatzeko jaurlaritzak 5 milioi euro jarri dituela gogorarazi du. “Eusko Jaurlaritzak bultzatzen dituen hainbat ekintza jasotzen ditu elkartegiak: ekonomia bultzatzea, lurzoruak hobetzea… Horregatik, proiektuagaz harro gaudela esan dezakegu”.
Zarraonandiak, gainera, eskualdeko herritarrak instalazioak erabiltzera animatu ditu, bai autonomo zein ekintzale direnei, edota enpresa handi zein txikiei ere.