Txapelaren bila, gogotsu
Euskadiko Goma Gaineko Txapelketan, gizonezkoen 640 kiloko finala jokatuko dute asteburuan, eta Murueta Sokatira Taldeko kideak irabazteko ilusioz daude.
Zapatu honetan (otsailak 2) Ibarran dute hitzordua sokatiralariek. Euskadiko Goma Gaineko Txapelketan, gizonezkoek 640 kiloko finala jokatuko dute (asteburu honetan ez dago emakumezkoen pisurik). Murueta, Beti Gazte, Ibarra, Txantrea, Zuraide eta 6 Conceyos taldeak ariko dira zein baino zein gehiago, 17:00etatik aurrera.
Murueta Sokatira Taldeko kideek emaitza ona lortzea espero dute: “Talde polita eroango dugu. Irabazteko aukerak baditugula uste dugu; irabazteko ez bada, hor goian egoteko behintzat bai”.
Izan ere, orain arte egindako lanak fruituak eman dizkietela ikusi dute. Mungian lehiatutako 640 kilokoaren lehen jardunaldian, Beti Gazteren atzetik bigarren sailkatu ziren, Ibarragaz berdinduta. Bigarren jardunaldia aurreko asteburuan jokatu zuten Laukizen, eta lehenengo postua lortu zuten. “Beti Gazteri irabazita konforme geratu ginen; orain arte eurak izan dira dena menpean eduki dutenak. Eurei irabazita ezustekoa eman genuen”, adierazi du Jon Loizagak.
Urtarrilaren 12an, gizonezkoen 680 kiloko lehiagaz hasi zuten aurtengo txapelketa, Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian (jardunaldi bakarra izan dute pisu horretan). Busturialdeko taldeak hirugarren postua eskuratu zuen. “Ondo joan zitzaigun; aurrean egotea espero genuen eta hala izan zen. Emaitzagaz konforme geratu ginen”.
Aurten pisu guztietan parte hartuko dute, eta esan dutenez, geratzen diren pisuak “irabaztera irtetzea” da euren helburua. “Behintzat pisu guztietan medailetan sartzea da gure asmoa; lehenengo hiru postuen artean egotea. Podiumetatik kanpo geratzea emaitza txarra litzateke”.
Munduko txapelketa ez dagoela-eta, aurten talde gutxiago daudela dio Loizagak. 600 eta 560 kiloetan Gaztedi sartuko da lehian, “beste talde gogor bat”. 600 kilokoan talde gehiago sartzen direnez, aukera gehien 640 kilokoan ikusten dituzte Murueta taldeko kideek. 560 kilokoan, aldiz, talde gutxiago egongo dira.
Denboraldi hasiera honetan egindakoagaz pozik eta gustura daude. Iaz arte Sokarrin aritutako Busturialdeko hainbat sokatiralari joan dira taldera. Ondo ezagutzen dute elkar, eta esperientziadun jendea taldean sartzea onuragarria izan dela deritzote: “Igartzen da. Esperientziadun jendeagaz gauzak arinago doaz. Elkar ulertzen ari gara; lekuak hartzen eta bakoitza zein lekutan ari den gustura tiratzen ikusi dugu. Sentsazio onak ditugu”.
2018ko amaieran, Bizkaiko Txapelketa jokatu zuten hiru jardunalditan. Ispasterrek hartu zuen finala, abenduaren 22an. Gaztediko mutilak nagusitu ziren; neskak txapeldunorde eta Murueta hirugarren geratu zen. “Bizkaiko Txapelketan taldea guztiz osatu gabe zegoela ikusten zen; batzuk entrenamendu faltagaz. Orain, berriz, igartzen dugu entrenamenduek fruituak eman dituztela. Sasoian gaude. Taldea aurrera doala ikusten da; momentu onean gaude”.