Plentziako zapatuko batel estropada bertan behera utzi dute, itsaso txarragatik
Bizkaiko Batel Ligaren denboraldia hastekoa zen zapatuan, Plentzian. Euskalmetek zapaturako alerta laranja iragarri du, nabigaziorako, eta horregatik estropada bertan behera uztea erabaki du Bizkaiko Arraun Federazioak.
Beste behin, itsasoko baldintza txarrek estropadak bertan behera gelditzea ekarri dute. Bizkaiko Batel Ligaren denboraldia zapatuan (otsailak 2) hasi behar zuten, Plentzian, baina, Bizkaiko Arraun Federazioak jardunaldia ez egitea erabaki du arratsaldean. Izan ere, Euskalmetek zapaturako alerta laranja iragarri du, nabigaziorako.
Plentziakoak batel denboraldi hasierako estropada behar zuen, baina, ligako lehen estropada otsailaren 10ean lehiatuko dute Sestaon. “Hau ez litzateke puntuagarria izango, eta ez liratezke maila guztiak egongo, gazte mailetarako zen bakarrik; denboraldiari hasiera emateko estropada zen. Berez hurrengo asteburuan hasiko da liga. Otsailaren 10ekoa mantendu egingo da, eta Plentziakoa burutu ahal izateko beste data bat bilatuko dugu”, azaldu dute Bizkaiko Arraun Federazioaren ordezkariek.
Biharko, berriz, abisu horia ezarri dute haizeagatik, euriagatik, elurragatik eta itsasaldeko arriskuagatik (nabigazioa eta kostaldeko kalteak).