Gernika KESBek Txiki Kopa jokatuko du
Martxoaren 1etik 3ra Gasteizen lehiatuko dute ume kategoriako kopa.
Emakumezkoen Ligako taldeek Erregina Kopa jokatuko dute Arabako hiriburuan, otsailaren 28tik martxoaren 3ra. Eta ume kategoriako taldeek Kopa Txiki lehiatuko dute, martxoaren 1etik 3ra. Lehen bi egunetan Ibaiondon jokatuko dituzte partidu guztiak (sarrera doakoa) eta martxoaren 3an Mendizorrotzak hartuko du finala (09:00).
Hamahiru taldek parte hartuko dute, lau multzotan banatuta. Euskadiko Saskibaloi Federazioaren egoitzan egin zuten zozketa eguaztenean. Gernika KESBek bi talde katalanen kontra jokatuko du. Izan
ere, zozketan hala erabakita, Uni Girona eta Sedis Basquet taldeak egokitu zaizkio multzoan. Hain zuzen, aipatu hiru taldeak A multzoan daude. Martxoaren 1ean (barikua) Uni Gironaren kontra jokatuko du, 12:45ean, eta 15:15etik aurrera, Sedis Basqueten kontra.
B multzoan daude Stadium Casablanca, Zamarat eta Al-Qazeres. Hala, C multzoan dago etxeko taldea. Araskigaz batera, Avenidak eta Universitario Ferrolek osatu dute multzoa. D multzoan, berriz, Ibaeta, Valencia, Porta XI eta Femeni Sant Adria Adedi daude.
Autobusa. Lointek Gernika Bizkaiaren Erregina Kopako partidu guztiak ikusteko autobusa jarriko du klubak. Interesa dutenek ondorengo telefono zenbakira deituta izena eman behar dute: 650 96 19 98 (Ruben). Joan-etorriagatik 7 euro ordaindu beharko dira.
Gernika-Lumoko taldeak IDK Gipuzkoaren kontra lehiatuko du final laurdena, martxoaren 1ean (barikua), 19:30ean.
Erregina Koparako boluntarioak. Bestalde, Emakumezkoen Lehen Mailako Erregina Kopa beste modu batera bizi gura dutenek, boluntario moduan laguntzeko aukera daukate.
Erreginaren Kopako Boluntariotza Programa irekita dago otsailaren 15era arte (barikua). Izena emateko ondorengo loturan sartu, eta bertan agertzen den fitxategia bete behar da: http://www.basketbasko.com/cas/copareina.asp.
16 urtetik gorakoak izan daitezke boluntarioak, eta izena emandakoek ondorengo arlo hauetan lagunduko dute: epaileak, taldeak, instalazioak, garraioa, komunikazioa eta prentsa.