Gaiztoenetan gaiztoenak dakartza Atx teatroak
Gaiztoak, gaiztakeriak, pekatariak eta pekatuak. Umorea baliatuta, ‘7ak bat’ antzezlan satiriko-feminista taularatuko du Atx Teatroak gaur, Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian. Emanaldia 20:30ean hasiko da.
Gaiztoak al gara? Pekatariak gara? Gure kulturak inposatu dizkigun zazpi pekatu kapitalak taula gainean lekua hartuko dute gaur: 7ak bat. Horrela du izena Atx Teatroak Lizeo Antzokira dakarren antzezlana, eta gaiztoenetan gaiztoenak izango dira eszenarioa bereganatuko dutenak.
Pekatuaren ideia orokorra hartu eta, Victor Frankensteinek egin zuen bezala, gizaki berri bati bizia emango diote antzerki obra horretan. «Groteskoa, basatia eta gupidagabea» izango da azaleratuko duten pertsonaia hori. Atx teatrokoek diotenez, «komeria, satira eta sarkasmoaren lengoaia erabilita, guztiok alfonbra azpian ezkutatu ohi duguna agerian geratuko da».
Ikuskizuna 20:30ean hasiko da, eta sarrera 10 euro ordaindu behar da (bazkideek 8,5 euro).
Eszena berezia. Hiru antzezle, apropos prestatutako espazio eszenikoa eta istorio bat. Atx teatroaren ikuspuntutik, sorkuntza kreatibo oro erronka bat izan behar da, sortzaile batek zerbait desberdin egiteko beharrizana du, aurrerapauso baterako beharrizana.
Konpainiak testu bat izaten du antzezlan guztien abiapuntu, baina oraingoan ezberdina izan da. Ideia eta kontzeptu batzuetatik abiatuta garatuko dute dramaturgia osoa, inprobisazioa baliatuta. Diotenez, metodologia hori ez da berria, baina modu horretara lan egiten duten lehen aldia da teatro konpainiako kideentzat.
Espazio eszenikoa ere bereziki zaindu dute 7ak bat antzezlanerako. Mary Shelley idazle britaniarraren Victor Frankenstein pertsonaia aipatuta, sasoi isabelinora joko dute ikusleek, ezinbestez.
Steampunk estetikapean egongo den laborategia izango da aitxakia; beti ere, espazio eta momentu diferenteak sortzeko aukera emango dien elementuak baliatuta.
Aiora Sedano, Estibaliz Villa eta Miriam K. Martxante. Hiru antzezle eta eszena bat, kontakizun bat, zazpi pekaturen inguruan.