Gernika-Lumoko Udalak zabor edukiontziak egokituko ditu
Desgaitasunak dituzten pertsonentzako egokituko dituzte edukiontziak. Herritarrek eurek eskatu beharko dituzte aldaketak, eta hurrengo asteetan horiek prest edukitzea espero du Gernika-Lumoko Udalak.
Zabor edukiontziak menpekotasunak dituzten pertsonentzako egokituko ditu Gernika-Lumoko Udalak. Herritarrek eskatutako edukiontziak izango dira aldatuko direnak.
Gernikarren bizi kalitatea “hobetzeko” eta irisgarritasun araudia betetzeko helburuagaz jarri dute martxan hondakin edukiontziak egokitzeko kanpaina. Hori eginda, menpekotasuna duten pertsonei edukiontziak beraiengandik hurbil edukitzeko aukera eskaintzen die udalak; bai eta modu estrategikoan antolatuta edukitzeko ere. Hala ere, ordezkariek adierazi dutenez, ezin izango dituzte herriko edukiontzi guztiak aldatu, “zaborra batzeko ahalmena asko murriztuko litzateke-eta”.
Edukiontzien edukiera txikitzea izan da, hain zuzen, orain arte zabor edukiontziak ez egokitzearen arrazoi nagusia. Orain, baina, herritarrek eskatutakoa kontuan hartuta, beharrezkoak direnak moldatuko dituztela aurreratu dute. Hurrengo asteetan horiek prest edukitzea espero du Gernika-Lumoko Udalak.
3.200 litroko edukiera. Egokitutako edukiontziak polietilenozkoak izango dira, eta orain arte izan duten kolore grisa mantenduko dutela jakinarazi dute ordezkariek. Edukiontzien edukia 3.200 litrokoa izango da, eta eskuz mugitzeko palanka izango dute.
Interesa duten herritarrek egokitutako edukiontziak eskatu ahal izango dituzte udaleko webgunean (www.gernikalumonaturarekinbat.com), herritarren postontzian edota hurrengo telefono zenbakira deituta: 659 42 33 87.