EH Bilduk Osasun Sailari eskatu dio Gernika-Lumoko Ospitalean oheak jartzeko
Eba Blanco EH Bilduko legebiltzarkideak udalerriko ospitalea ireki zenetik zazpi urte pasatu ondoren hirugarren solairuak hutsik jarraitzeak ez duela justifikaziorik esan du.
Gernika-Lumoko ospitalean oheak jartzeko eskatu dio EH Bilduk Osasun Sailari. Proposamena, Eba Blanco koalizio abertzaleko legebiltzarkideak aurkeztu du, “eskualdeak benetakoa den ospitalea behar duelako”.
Udalerriko ospitalea ireki zenetik zazpi urte pasatu ondoren hirugarren solairuak hutsik jarraitzeak ez daukala justifikaziorik esan du Blancok: “Jaurlaritzak duela zazpi urte ireki zuen arren, ospitaleak ez ditu ospitale batek berezko dituen zerbitzu guztiak ematen”.
Blancok aurkeztu duen proposamenak aurreikusita zegoena “betetzeko” dio, zentroari berezko izaera eman ahal izateko. Horrez gain, hemodialisi eta erradiologia zerbitzuak %100 martxan jartzeko ere eskatu du legebiltzarkideak
Ospitalizazio-oheak irakitzea lehenetsi beharrekoa delakoan, Blancok ez du komenigarritzat jo udalerriko Osasun Zentroko lehen mailako arreta zerbitzuak Ospitaleko hirugarren solairura eramatea, “hala eginez gero, libre dagoen espazio bakarra betirako galduko litzatekeelako”.