Zulotik atera ezinean
Ohorezko Mailaren 15. jardunaldian, Gernika Rugby Taldeak 21-17 galdu du Bartzelonaren kontra.
Nahi eta ezinean jarraitzen dute basurdeek. 2018-2019 jardunaldia hasi zutenetik, hamabost partidu lehiatu dituzte Heineken Ligan, eta horietatik hamahiru galdu ditu talde gernikarrak. Azken porrota atzo jaso zuen Bartzelonan. Lau puntuko aldeagaz nagusitu zen etxeko taldea: 21-17.
Ohorezko Mailaren sailkapenean, azken postutik atera ezinik dago Gernika RT. 15 puntu ditu eta zortzi puntura dauka CR La Villa sailkapeneko azken aurreko taldea.
Garaipen beharrean da Gernika-Lumoko taldea, eta garaipena lortzeko gogor borrokatzeko gai dela erakutsi zuen atzo, Teixoneran. Ondo jokatu zuten basurdeek, eta defentsa bonusagaz bueltatu ziren etxera.
Gogotsu eta bizi zelairatu ziren, eta zigor kolpe bati esker, partidua hasi eta hiru minutura markagailuan aurretik jarri ziren. Etxekoak estu hartu zituzten euren zelaian, eta erasoko jokaldi on batean heldu zen entsegua (0-8). Alabaina, minutuek aurrera egin ahala, Barça Rugbyk bere bertsio onena erakutsi zuen, talde indartsua dela agerian utziz. Zigor kolpe batekin lortu zituzten etxekoek euren lehen hiru puntuak. Hurrengo minutuetan entsegua egiteko aukera bat baino gehiago izan zituzten basurdeek. Defentsa lanean ere ondo aritu ziren.
Bi puntuko aldeagaz, markagailuan aurretik amaitu zuten lehen zatia (6-8). Bigarren zatiko hasierako minutuetan parekotasunez jokatu zuten. Hala ere, bigarren zatiko seigarren minutuan, epaileak txartel horia atera zion Eneko Zabalari, eta etxeko taldeak nagusitasun hori aprobetxatzen jakin zuen. Katalanek partiduaren kontrola bereganatu, eta markagailuari buelta eman zioten. Entsegu eta zigor kolpe banaren ondorioz, 16-8ko markagailuagaz jarri ziren. Beranduago, zigor kolpe batekin, bigarren zatiko lehen hiru puntuak eskuratu zituzten basurdeek (16-11). Garaipena lortzea zen erronka, eta horretarako ahalegin betean aritu ziren. Baina, etxeko taldeak beste entsegu bat egin zuen.
Lehen zatiaren amaieran moduan, bigarrenarenean ere Gernika RTk hartu zuen partiduaren kontrola. Bi kolperi esker sei puntu lortu zituen, eta azken minutuetan partidua irekita egon zen.